Ezkurdia eta Rezustaren gaitasun fisikoak Jon Ander Peña eta Albisu ito ditu
Ez zen gorrien egunik onena izan errematean, baina Albisuk 12 pilota laga zituen biltzeke. Peña saiatu zen, eta partida 14-6tik 18-16raino ekarri zuen.

Ezkurdiak eta Rezustak ito artekoak eman zizkieten Jon Ander Peñari eta batik bat Jon Ander Albisuri. Ez ziren gorriak errematean batere fin aritu, baina piloteoa mendean izan zuten une oro. Hala, 14-6 ere aurretik izan ziren.
Jon Ander Peñak hartu zuen orduan urdinen jokoaren ekimena eta 18-16raino ekarri zuen norgehiagoka, Binakako Txapelketako finalerdietan galduta ere, tanto ahalik gehiena egitea nahitaezkoa baita. Hala ere, Albisuk 12 pilota galdu zituen orotara, ataundarrak aspaldian jokatu duen neurketarik eskas eta deserosoenean, eta horrela ia ezinezkoa da irabaztea, are gutxiago Ezkurdia eta Rezustak erakutsi zuten ahalmen fisikoa duen bikote baten aurka.
Partida hasieratik mingostu zitzaien urdinei. Hala, Jon Ander Peñak txapapera botatako bi pilotakadarekin eta Albisuri gorago joan zitzaion beste batekin hasi zen norgehiagoka. Eta alde txiki horretatik abiatuta, Aspe enpresari bizirik geratzen zaion bikote bakarra ihesean abiatu zen. Akordatzerako, Peñak atzean sekulako ezkerkada jo eta urdinek egin duten aurreneko tantoa iristerako, 8-2 aurretik jarrita ziren Ezkurdia eta Rezusta.
PEÑAREN AHALEGINA
Bazen kezka apur bat bikote gorriarekin, bi astean partidarik jokatu gabe iritsi zirelako Ogetako neurketa honetara. Berehala uxatu zituzten, ordea, kezkak eta beldurrak; izan ere, egurrean bikain asko aritu baitziren nola Arbizukoa hala Bergarakoa. Aldiz, aspaldian eman duen mailaz oso behetik ari zen Jon Ander Albisu. Egia da Rezusta nagusi izan zuela, hasieran bereziki, baina horrez gain erabaki oker batzuk ere hartu zituen ataundarrak, zabaletik efekturik gabe egin zuen bi hormakoa, esaterako; txapapera joan zitzaion, noski.
Partida 14-6 jarri zelarik, une batez urdinek etsia hartzeko itxura ere hartu zuten, baina ihes eginda Albisuk lortu zuen tanto baten bitartez eta ostean Peñak errematean harturiko arriskuen ondotik, bultzadatxo bat izan zuten Tolosakoak eta Ataungoak: 15-10.
Deseroso aritu zen tarte horretan Joseba Ezkurdia, Peñaren eskuin boleakadaren bat zikin samarra izan ote zen ere protestaka. Pilota ezberdin batekin ere asmatu zuten urdinek, neurketa 18-16ra ekarri arte, jokoan ez baitziren gorriak hain nagusi tarte horretan.
Baina Albisuk gaizki hasitakoa gaizki amaitu zuen. Hasieratik kontrakarrean hasitako partida ezin zuzendu: goregi edo behereegi zela, kontrakantxara zela... hainbeste pilota galduta, gorriek hasieratik bideratu zuten partida bereganatzea zuten azkenerako, 22-16.

«Ninguna institución se ha puesto del lado de los trabajadores»

El PKK anuncia su disolución y llama a la sociedad kurda a organizarse

Al florista, todas las flores

Hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros
