Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
A COMPLETE UNKNOWN

Musikazaleentzat karamelua

Filmean Johnny Cash azaltzen den bakoitzean, ezin izan dut Joaquin Phoenix burutik kendu; berezia izango zatekeen “Walk the Line” pelikulan bezala hemen ere Cashen rola Phoenixek jokatu izan balu. “A Complete Unknown” eta “Walk the Line” filmen zuzendaria James Mangold da, eta unibertso espiritual berean girotzen diren bi film direla sentitu dut.

Baina protagonista ez da Cash, Bob Dylan baizik; Timothee Chalamet aktoreak gorpuztu du eta sekulako lana egin du; zur eta lur utzi nau.

60ko hamarkadan eta New Yorken girotua, Bob Dylanen igoera azkarrari buruzko istorioa azaltzen du. Narrazioaren itxiera Newport Folk Festival jaialdian gertatzen da, inflexio puntu garrantzitsua izan baitzen bere ibilbidean.

Haren karreran Peter Seeger-en laguntza izan zuen, eta pertsonaia horrek presentzia nabarmena du filmean; horren rola Edward Norton aktoreak bikainki jokatu du. Joan Baez (Monica Barbaro) edota Woody Guthrie (Scoot McNairy bezalako musikari ezagunak ere ageri dira. Filmak ohiko biopic tradizionalen bideari jarraitzen dio, apenas hartu dituen arrisku formalik Mangoldek, baina ezin hobeto funtzionatzen du, gozamen hutsa da; musikazaleentzat bereziki karamelu bat da filma.

Dylan sakonki ezagutzen ez duten ikusleek, beharbada, informazioa falta den sentipena izango dute. Filmaren hasieran, berari buruz oso gutxi jakin arren, testuinguru oso jakin batean sartzen gaitu zuzenean. Baina izenburuak dioen bezala, “A Complete Unknown” alegia “guztiz ezezaguna” da.

Lan sendo eta hunkigarria da. Generoa iraultzen ez duen arren, sentiberatasunez jasotzen du bere burua definitu nahi izan duen artistaren esentzia.