J.S.

Ekintzaileen artean genero arrakala ez da desagertu

Otsailean Bilbon egindako GEM biltzarrak agerian utzi du emakumeen ekintzailetza tasa nabarmen hazi dela, baina genero arrakala ez dela desagertu, baliabideak eskuratzeko garaian batez ere. Arrakalarik handiena errenta altuko herrialdeetan gertatzen da.

Amanda Elam, txostenaren egile nagusia, Bilboko aurkezpenean.
Amanda Elam, txostenaren egile nagusia, Bilboko aurkezpenean. (Global Entrepreneurship Monitor)

Global Entrepreneurship Monitor (GEM) konferentziak 50 herrialdetako 300 aditu baino gehiago bildu zituen Bizkaiko hiriburuan, eta bertan GEM Global 2024/2025 txostena aurkeztu zuten, mundu osoan ekintzailetzari buruzko datu iturri fidagarriena. Txosten horrek tarte berezia eskaintzen dio emakumeen ekintzailetzari. Amanda Elamek, AEBko Babson Collegeko ikertzaile eta txostenaren egile nagusiak, azaldu zituen ondorio orokorrak.

Ikerketak aurrerapen esanguratsuak nabarmentzen ditu emakumeen ekintzailetzan. Horrela, emakumeak sektore desberdinetako buru direla, ekonomia berriak bultzatzen dituztela eta komunitatearen garapena indartzen dutela nabarmendu du. Baina, era berean, ekosistema ekintzailean benetako aukera berdintasuna lortzeko egiturazko aldaketak bultzatzen jarraitzeko beharra azpimarratu du.

Txostenaren arabera, Estatu frantsesean, Herbehereetan eta Hungarian, esate baterako, emakumeen ekintzailetza tasa bikoiztu egin da azken 20 urteetan. Hala ere, errenta altuko ekonomietan, emakumeek enpresak sortzeko dituzten tasak baxuak dira oraindik, eta genero arrakalak bere horretan dirau. Arazo nagusia baliabideak eskuratzeko garaian sortzen da. Izan ere, aztertutako ekonomien ia erdietan (51tik 25), emakumeek zailtasunak dituzte funtsezko baliabideak eskuratzeko, finantzaketa eta laguntza sareak barne.

Euskal Autonomia Erkidegoa aukera berdintasuneko erreferentzia gisa kokatzen da ekintzailetzaren arloan. Hala eta guztiz ere, txostenak zehazten duenez, EAEn gizonek emakumeek baino bi aldiz inbertsio gehiago mobilizatzen dute beren proiektuak hastean, eta horrek agerian uzten du oraindik aldeak daudela emakumeek gidatutako ekimenen finantzaketan.

ADINA ETA PROFILA

 

Txostenak dioenez, emakume ekintzaileen adina aldatu egiten da herrialdearen maila ekonomikoaren arabera. Errenta baxuko herrialdeetan emakume ekintzaileen erdiak baino gehiagok 35 urte baino gutxiago ditu, eta errenta altuko herrialdeetan, berriz, 35-55 urte bitarteko emakumezko enpresaburuak nagusi dira. Euskal Autonomia Erkidegoan ekiteko batez besteko adina 44 urtekoa da, eta aldeak daude generoaren arabera: gizonak 47 urterekin hasten dira negozioetan, eta emakumeak 41 urterekin.

Enpresak sendotzeari dagokionez, Hego Koreak, Lituaniak, Puerto Ricok eta Thailandiak dituzte ezarritako enpresen jabe diren emakumeen tasarik handienak.

EAEn ekintzailetza tasa parekatua baldin bada ere, oraindik aldeak daude baliabideak eskuratzeari dagokionez.

Emakumeek kapital gutxiagorekin hasten dituzte negozioak (17.000 euro, eta gizonek 40.000 euro), eta finantza prestakuntza txikiagoa dute. Horrek eragina du finantzaketa eta inbertsioa lortzeko aukeretan.

Txostenak gaineratu du teknologiako eta STEM sektoreetako ekintzailetzak gizonen mende jarraitzen duela EAEn, eta arrakala horrek bikoiztu egiten du gizonezkoen tasa, emakumezkoenaren aldean. Egoera horri buelta emateko, teknologian arrakasta izan duten emakumeen kasuak ikusaraztea eta haien parte hartzea sustatzen duten ekimenak garatzea gomendatzen da.

EMAKUMEEN LIDERGOA

 

Emakumeen negozio aukeren pertzepzioa %9 hazi da azken hogei urteetan, eta haien enpresa trebetasunekiko konfiantza %27 igo da. Hala ere, porrotaren beldurra oztopo esanguratsua da oraindik ere, emakumezko ekintzaileen erdiak baino gehiagok kezka hori adierazi baitu.

Hazkunde handiko startup eta negozioetan emakumeen lidergoa gero eta nabarmenagoa da. Hazkunde handiko hiru ekintzailetik bat eta nazioarteko orientazioa duten bost startupetik ia bi emakumeak dira buru. Txina, Kolonbia, Iran, Lituania, Herbehereak eta Venezuela bezalako herrialdeek emakumeek gidatutako berrikuntza tasa handiak dituzte.



Berdintasun postontzia Iruñeko udal langileentzat

Iruñeko udal langileek postontzi bat izango dute laster, berdintasunarekin edo lan arloko jokabide sexistekin lotutako kexak, kontsultak, iradokizunak edo aitorpenak egiteko.

Postontziak onartuko du, halaber, aitorpenak jasotzea edo fitxategiak txertatzea (irudiak edo dokumentuak). Lan jazarpenarekin edo sexu jazarpenarekin eta sexuan oinarritutako jazarpenarekin lotutako egoerak gertatuz gero, postontzitik bertatik Udalak ezarrita dituen protokoloetara bideratuko da kontsulta.

Garbiñe Bueno Giza Baliabideetako zinegotziak iragarri du ekimena, eta azaldu du espazio honek, gainera, «barne komunikazioko sisteman eta bertako langileen kudeaketan berdintasunarekiko kultura sentikorra eta arduratsua» garatu nahi duela.

Iruñeko Udalean 1.910 pertsonak lan egiten dute (918 gizon eta 992 emakume); horietatik 970 funtzionarioak dira, 683 lan edo administrazio kontratua duten pertsonak, 212 tailer eskoletako ikasleak dira eta Gizarte Enplegurako kontratatutako pertsonak, konfiantzazko langileak diren 45 pertsonez gain. J.S.