Ane URKIRI ANSOLA
BINAKAKO TXAPELKETA

Ezkurdia eta Rezustak ondo bideratuta daukate finalerako txartela

Aspeko bikoteak 22-18 irabazi zien Artola eta Mariezkurrena II.ari, partida ikusgarri bezain nekagarrian. Gorriek alde nabarmenagoak lortu zituzten markagailuan eta azken txanpan irekitako tarteak (18-12) garaipenera eraman zituen.

Joseba Ezkurdia, tanto bat ospatzen, Artolaren frustrazioaren aurrean.
Joseba Ezkurdia, tanto bat ospatzen, Artolaren frustrazioaren aurrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Norberaren lana beteta, askoz hobeto ikusten dira gauzak. «Guk gurea egin dugu; ezin gara inoren zain egon»; baina, hala ere, gaur, telebistari begira egongo dira Ezkurdia eta Rezusta, ea Peña-Albisuren garaipen bat ikusi eta Binakako txapelketako finalera eramaten dituzten ospatzeko.

Finalerdietako lehendabiziko dema irabazitako bi bikoteek neurtu zituzten indarrak atzo Labriten -laster hasiko dira eraberritze lanak eta sei hilabetez itxita egongo da-. Ikuskizun fina eskaini zuten Ezkurdia-Rezustak eta Artola-Mariezkurrenak, tanto oso lehiatuekin. Pilotakada askoko partida izan zen (714 eman zituzten), baina ez edonola, intentzio osoz beti, oldarkor, aurkaria deseroso jartzeko asmo gaiztoz.

Bi aurrelariak oldarkor hasi ziren (1-1), eta atzelariak, eusteko prest. Rezustak atzean sartu zuen Mariezkurrena eta Artolak, azkar egiteko presaz, lau pilotakada galdu, eta lehendabiziko tartea ireki zuten gorriek (5-1). Alegiakoak, samina inteligentzia bilakatuta, bere akatsei buelta eman eta partida berriro ere estutzeko gaitasuna izan zuen. 5-6koa, aldiz, urdinak aurretik jarri ziren lehendabiziko eta azken aldia izan zen. Paradoxa dirudi, oso partida estu eta gogorra jokatu baitzuten. Ehun pilotakadatik gora eman zituzten 6-6koan, partidako hirugarren eta azken-aurreko berdinketan, bikote bakoitzak defentsatik kontraerasora jotzeko erakustaldi anitza eman zuela.

Atzeko koadroetan Rezusta seguruago ikusi zen, Mariezkurrenari erori egiten baitzitzaizkion pilota batzuk. Larri salbatu zen zenbaitetan; bi tanto eragin ere egin zituen -Ezkurdiak huts egindakoak- baina, finean, eroritako horiek kalte gehiago ekarri zien urdinei. 10-7 aurreratu ziren gorriak eta lehendabiziko atsedenaldi luzera ere -5-1ekoan urdinek atsedena eskatu zuten- aurretik joan ziren, abantaila koskorrarekin (12-8).

TARTE HANDIAK

Deskantsatuta, bazirudien beste kolpe batekin itzuli zirela Baikokoak (12-11 eta 14-12). Baina Mariezkurrenari kosta zitzaion Rezusta atzean sartu eta sufriaraztea. 14-12koa izan zuen Bergarakoak galdutako pilota bakanetakoa eta, oro har, seguruago aritu zen.

Aurrean ere gantxoz eta errematez konfiantzaz zegoen Ezkurdiaren ezinbesteko laguntza izan zuen gipuzkoarrak -Arbizukoak erakustaldia eman zuen 18-12rako bidean-. Gogoz ospatzen zituen tantoak nafarrak, garaipenaren garrantziaz ohartuta. Tarteka, gorriek tarteak ireki ahala, bazirudien urdinen erreakzioa apaltzen joango zela, baina hauek ere atera zuten nortasuna ahal zuten lekutik, akidurak jota egon arren.

Ez zen izan Iñaki Artolaren partidarik onena izan (zortzina egindako eta galdutako pilatu zituen), hein handi batean Ezkurdiak oin onak dituela erakutsi baitzuen. Defentsan oso ongi moldatu zen, tantoak gogortu ahala sendo eta argi agertu baitzen. Exijentzia mentala ondo kudeatzeari ere eman zion berak garrantzia.

BUKAERA ESTUA

Hala ere, hainbesteko nekeak ere zaildu zien partida lehenago ixtea. Alde horretatik, pena apur bat azaleratu zuen Rezustak; izan ere, 21-14 irabazten joanda, urdinak 21-18raino hurbildu ziren eta Artola eta Mariezkurrenak txapelketa hasieran ongi erakutsi zuten zertarako gai diren halako kasuetan.

Baikokoen beste akats batekin erori zen garaipena Aspekoen alde. Bikote ezberdinekin, baina Binakakoa bi aldiz irabazitakoak dira Ezkurdia eta Rezusta. Beste final batera iristear dauden honetan -Peña-Albisuk gaur irabaziz gero, final handian leudeke-, elkarrekin hirugarren txapela jantzi nahiko dute. Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenak hurrengo asteko partida irabazi beharko dute.