Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Denon eskola

Azken hilabeteetan tarteka jakin izan dugu hezkuntza zentroren bat itxi dela edo ixteko planak daudela, bi ikastetxek bat egin dutela, eta badira ere lekuz aldatuko dituztenak. Prozesu desberdinak diren arren, badute zerbait komunean, familiak eta hezitzaileak ezustean harrapatu dituztela; eta, batez ere, egonezin eta ziurgabetasun handia sortu dutela. Gainera, ezin da esan albiste isolatuak direnik, oinarri bera baitute. Une garrantzitsuan gaude; badira hainbat faktore hezkuntza sisteman bete-betean eragiten ari direnak.

Begi-bistakoena jaiotza tasaren jaitsiera nabarmena izan daiteke, eta horren ondorioz izan den eta izango den matrikulen murrizketa. Badira ikasle oso gutxi dituzten zentroak, eta euren etorkizunagatik kezkatuta daudenak. Edozelan ere, argi dago ez dela, inondik inora, aurrean dugun erronka bakarra, horri gehitu behar baitzaizkio eskola segregazioa, euskara gaitasunen murrizketa edo eraikinen mantentze lan eskasa bezalako oinarrizko gaiak. Asko dago egiteko kalitatezko hezkuntza bermatzeko.

Egoera horren aurrean, gobernantza eredua eraldatzeko beharra ukaezina da. Ez da ulergarria neurriak banaka hartzea, ezta goitik behera ezartzea ere. Bestetik, gardentasun falta alboratzea urgentea da. Neurriak ahalik eta modu kolektiboenean hartuak izatea lehenetsi behar da, bereziki, neurri ausartak hartu beharko direlako. Horrela egin ezean, tentsioak etengabea izaten jarraituko du eta norabide argi baten falta sumatzen jarraituko da.

Testuinguru horretan, udal hezkuntza kontseiluei behar bezalako arreta eskaintzea ezinbestekoa deritzot. Gune horien oinarrian hezkuntza erantzukizun partekatua dago, eta herriko hezkuntza komunitate osoak tokia izan behar du. Bada gune egokia, beraz, tokian tokiko erronkak eta beharrak ondo ezaugarritzeko eta erantzun integralak planifikatzeko. Jakina da pertsona askok eta askok modu aktiboan parte hartzen dutela IGE ezberdinetan, eta garrantzitsua da baita ere hiri ikuspegia kontuan hartzea. Garaia da gure herri eta hirietan hezkuntzari berezkoa duen balioa aitortzeko eta lehenesteko.