G.I.
HERNANI
TODOS LO SABÍAN

Eliza katolikoak eragindako sexu abusuak

Iratxe Perez Barandalla zinemagile nafarraren “Todos lo sabían” dokumentalean izen eta pertsona ugari ageri dira; Eliza katolikoko kideek abusu fisiko, sexual eta psikologikoak eragin dizkieten pertsonak dira. Lanak dozenaka protagonisten testigantzak biltzen ditu, haurrak izanik, indarkeria eta sexu abusuak euren haragitan bizi izan zituzten pertsonak.

Mende erdiz isildutako errealitatea izan da Nafarroan, eta orain pertsona horietako batzuek ahotsa goratzeko urratsa eman dute, kameraren aurrean kontatzeko. Nafarroako Elizan adin txikikoei eragindako abusu eta gehiegikerietatik bizirik atera direnen bizipenak jasotzen dituen dokumentala da.

Narrazioak gertaera jakin bat du abiapuntu: Jose Luis Perezek, bere koinataren eskutik, Javier anaiaren agur gutuna jasotzen duen unea. Bertan, Garesko Jesusen Bihotzeko apaizen aterpean izandako abusuak kontatzen ditu, bertan ikasi baitzuten umetan.

Oraingoz zabalkunde xumea izango du lanak, eta Iruñean eta Lizarran bakarrik ikusgai egongo da gaurtik aurrera.