Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Lurra (II)

Lur zati bat hesitu ostean, ‘hau nirea da’ pentsatu eta bera sinesteko gai izan zen jendea aurkitu zuen gizona izan zen gizarte zibilaren benetako sortzailea. Zenbat krimen, gerra eta hilketatik, zenbat izu eta ezbeharretatik libra zezakeen batek gizateria hesolak kendu edo arekak bete izan balitu, bere kideei oihukatuta: «Kontuz ibili iruzurti honekin; zuenak egin du, ahazten bazaizue lurraren fruituak denonak direla eta lurra bera ez dela inorena». Jean Jacques Rousseauren hitzak dira aurrekoak, “Gizakien arteko desberdintasunaren jatorri eta oinarriei buruzko mintzaldia” (1754) delakoaren bigarren ataletik hartuak. Gogoeta hauetan kontrakoa eman dezakeen arren, filosofo suitzarrak ez zuen jabetza pribatuaren ezeztatzea bultzatzen, nahiz eta kapitalismoaren doktrinetako zenbait, nazioarteko merkataritza esaterako, deitoragarriak irudituko zitzaizkion. Funtsean, hainbeste estimatzen zuen bizimodu sinplera eramango zuen sistema ekonomikoa hobesten zuen Rousseauk: ekonomia eredu buruaskia, gobernu deszentralizatu batekin. Hala ere, azpimarratzekoa da lurrari buruz esaten duena; ez dela inorena, eta, logika berari jarraituz, Rousseauren kontra esango dut bere fruituak ez direla inorenak ere, bestela pentsatzeak gizakiari erabateko zentralitatea ematen baitio gainerako espezien eta lurraren beraren kaltetan.