GARA
BILBO

Antidepresiboen preskripzioak gora egin du adin talde guztietan pandemiaren ostean

EHUren ikerketa batek egiaztatu du covid pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela. Azterlanaren arabera, garrantzitsua da osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzea.

Begoña Calvo Hernaez eta Monica Martinez Cengotitabengoa ikerlariak.
Begoña Calvo Hernaez eta Monica Martinez Cengotitabengoa ikerlariak. (Nuria GONZÁLEZ | UPV/EHU)

Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaz geroztik, EHUren ikerketa batek agerian utzi duenez. Farmazia Fakultateko ikertzaileek parte hartu dute eta ondorioztatu dute, pandemian preskripzioek gora egin bazuten, hazkundea askoz ere nabarmenagoa izan dela ondoren. Halaber, gorakada handiagoa izan da emakumeen artean.

Horrez gain, ikusi dute pandemiak iraun bitartean 20 urtetik beherakoen artean bereziki sumatu zela gorakada, baina gero adin talde guztiei berdintsu eragin diela.

“Healthcare” aldizkarian argitaratutako ikerketak agente antidepresiboen preskripzio berriak aztertu ditu sei urteko epean, hiru alditan banatuta: pandemia aurrea, pandemia eta pandemia ostea; 2018ko martxotik 2024ko otsailera.

Ikusi dute pandemiaren bi urteek eragin nabarmena izan zutela antidepresiboen preskripzioan: osasun sistema publikoan gorakada bereziki nabaria izan zen 40 urtetik beherako emakumeen artean.

Datuok bat datoz 2020ko irailetik abendura arte egindako ikerketa batekin, zeinaren arabera pandemian emakumeek osasun mentalaren pertzepzio okerragoa izan zuten gizonek baino. Egileek uste dutenez, «pandemian emakume gazteek ongizate emozionalean pairatutako inpaktu handiagoa zaintzailearen rolaren ondorio izan liteke, prebalenteagoa andrazkoen artean, eta osasun sektoreko zaintza zereginen feminizazioaren ondorio, karga emozional handiagoa dakartelako».

Dena dela, pandemia atzean utzi ondoren, ikusi da adin talde guztietako gizonek eta emakumeek (20 urtetik beherako gizonek izan ezik) sintoma depresibo berrien intzidentzia handiagoa izan dutela. Gainera, pandemiaren inpaktu ekonomikoak pertsona askoren osasun mentalean eragiten jarraitzen duela ondorioztatu dute.