Gaizka Insunzaren alderik intimoena ezagutzeko, kalean da «Iaz» diskoa
Audience taldearekin lotzen dugu beti Gaizka Insunzaren izena, baina musikari gernikarrak bakarkako bidean bigarren diskoa du hau. 2019an atera zuen bere debuteko lana eta, 5 urte beranduago, 2024ko azaroan, «Iaz» izeneko bigarrena kaleratu zuen. Bakarka sortua eta urte luzez tiraderan gordea. Zuzenean aurkezten hasiko da orain eta lehenengo emanaldia Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean egingo du apirilaren 3an.

«Instrumentazio xumea eta erritmo geldoak nagusitzen dira diskoan», dio Gaizka Insunzak Bidehutsen bandcampeko orrialdean ‘‘Iaz’’ diskoa deskribatzean. Eta ez zaio arrazoirik falta, baina horrela esanda badirudi zerbait sinplearekin topo egingo dugula, eta ez da horrela.
Zortzi kantu ditu diskoak, guztiak ere 2020an sortuak, nahiz eta 2024ko udazkenean kaleratu zuen lana. Insunzak beti egin izan dio keinu Estatu Batuetako musikari eta handik ere asko edan du. Hala, orain arte musika asko ingelesez sortu izan du, baina disko hau erabat euskaraz idatzi du gernikarrak. ‘‘Kalifornia’’ da diskoa hasten duen kantua, americana estilo garbian, bakarlari izaera markatuarekin. Eta lehenengo kantutik instrumentu ugari entzuteko aukera ematen digu Insunzak, presentzia handia duen paretako piano bat barne. Gitarra, ahoko-soinua… halako elementuak ere ageri dira. Eta ez da harritzekoa, diskorako aipatzen dituen erreferentzien artean Brian Wilson, Elvis Costello, Randy Newman eta Joe Henryren lanak eta Bob Dylanen azken diskoak aipatzen baititu.
Country mundura eramaten gaitu ‘‘Kantu bat zuretzat’’ abestiarekin. Baxuan haizea entzun daiteke, eta egurrezko haize-instrumentu bat tarteko, berotasuna nabarmena da kantuan. Haur bat entzuten da abestian, eta aitatasunetik idatzia dela pentsarazten digu horrek, baina azken unean sartutako soinua izan da haurrarena; izan ere, kantua idatzi zuenean aita izan gabea baitzen oraindik gernikarra. Zaratatxo batzuk ere entzuten dira abestian eta trenaren irudia ekartzen digu horrek burura. Berotasunak eta erritmo konstanteak, sehaska kanta traza ematen dio abestiari.
BIGARREN ZATI ESPERIMENTALAGOA
Diskoaren lehen bi abestien ostean, hirugarren americana abesti bat ere badator. Gitarra dirdiratsu bat, hammond-a eta theremin-a dira protagonista nagusiak maitasun adierazpen bat kontatzen digun ‘‘Toki bat niretzat’’ abestian.
‘‘Iaz’’ diskoari izena ematen dion abestian soulera bidaiatzen dugu erabat. Pianoak eta ahots lehorrak bide horretan jartzen gaitu eta Ruben Garatearen akordeoiak bikain ematen dio jarraipena abestiari. Bukaeran, halako amorru bat ere kanporatzen du Insunzak. Badirudi bi pertsonaren arteko pasioa itzali dela abesti horretan, eta halako trilogia bat osatzen duela aurreko kantuarekin eta atzetik datorren ‘‘Behin ta berriz’’ abestiarekin; izan ere, elkar zaintzearen inguruan hitz egiten du kantu erabat biluzi horretan.
‘‘Iazz’’ abestia argi eta garbi ‘‘Iaz’’ kantuan oinarritzen da, baina erabat aldatzen du Insunzak, jostari aritu baita kantua jazz girora eramanez eta instrumental bihurtuta. Pianoman baten gisan irudikatu dezakegu musikari gernikarra ‘‘Ez dakit ezer’’ piezan, zalantzaz josita eta etsita dagoen pertsona baten ikuspegitik idatzitako hitzak dituela. Kalifornian hasitako bidaia Kaliforniako Pasadena hirian bukatzen du, izen bera daraman abestiarekin. Errepideko beroa dario abestiari, pedal-steel doinuak, tambourinea… Bakardadean eta apurtuta bukatzen da, azken akorde minor batek lagunduta.
ZUZENEKO GUTXI
Zuzenekoei begira pretentsio handirik gabe sortu du diskoa Insunzak, baina baditu hitzordu batzuk. Lehenengoa apirilaren 3an izango da, osteguna, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean. Atzetik, maiatzaren 3an Gernikako Lizeo Antzokian ere izango da.

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
