Gaztetasuna eskarmentuari nagusituta, Arraiza eta Gaminde txapeldun
Txapelketa nagusi batean janzten duen lehenbiziko txapela eskuratu zuen Mirian Arraiza donostiarrak; Enara Gamindek, aldiz, Binakakoan bigarrena jantzi eta iazko arantza sendatu zuen. Oiartzungo Madalensoro pilotalekua goraino bete zen.

«Olatz [Arrizabalaga] bezalako pilotari bati irabaztea... Emozio asko sentitzen ditut orain bertan», adierazi zuen Mirian Arraizak finala irabazi berritan. Enara Gaminderekin batera Binakako txapelketa irabazi zuen, atzo, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan Arrizabalaga eta Bergara mendean hartuta. Final zinez borrokatua jokatu zuten, bi zati ezberdin izan zituena, eta azkenean gazteenen freskotasuna gailendu zitzaion eskarmentuari.
Final parekatua aurreikusten bazen ere, gernikarra eta tuterarraren esperientzia puntu bat izan zitekeela zirudien. Hala islatu zuen partidaren hasierak berak ere, gorriak 5-2 aurreratu baitziren. Olatz Arrizabalagaren sake-errestoa zitala izan zen eta, urdinak oraindik ere urduritasuna gorputzetik kendu ezinda zebiltzala, bere dohain guztiak atera zituen kantxara.
Partida, baina, gogortzen joan zen, eta Gaminde, diesel motor bat bailitzan, berotzen hasi zen. Sendotasuna irabazten joan ahala, kantxan handi egin zen Laukizkoa, iazko arantza sendatzeko irrikaz. 17 urte besterik ez dituen arren, hirugarren finala zuen Binakakoan. Lehenbizikoan, Arrizabalaga lagun, txapela irabazi zuen, eta iaz gernikarraren biktima izan zen.
Lau pilotariek gogoz sufritu zuten partidaren une ezberdinetan. Denentzat egon zen sufrimendurako tartea. Urdinek, esaterako, 5-5 berdintzea lortu bazuten ere -Bergarari ezker horman sartuta-, gorriek sakea berreskuratu eta Arrizabalagak segituan ezarri zuen bere legea. Zabalera botata, sake indartsuarekin, sake errestoan, Arraiza behartuta... tanto motz eta askotarikoak egin zituzten gorriek, finala beraien alde jartzeko (10-5).
PAREKATUA
«Horrelako partidetan burua izaten da jokoaren atalik garrantzitsuena», esan zuen Arraizak, finala irabazi berritan zentzua galdu gabe. Arrizabalagak txapara bidali zuen sake-errestoa, urdinentzat seigarren tantoa egiteko, eta ordutik aurrera finalak beste tankera bat hartu zuen. Arraizak sakean min egin zion Bergarari, ezker horman sartu eta behartuta, eta tuterarrak bost pilotakada galdu zituen.
Urdinak hauspotu egin ziren 11na berdindu zutenean, are gehiago 11-12koa egindakoan, Arraizak ongi moztutako pilotakada baten ondorioz. 0-1ekoaren ostean, partidaren erdian, berriro abantaila lortu zuten. Oraindik ere joko asko gordeta zituen finalak, baina, bukaerako emaitza ikusi eta hotzean aztertuta, tanto gakoa izan zela esan genezake.
Mirian Arraizak konfiantza irabazi zuen eta, une batzuetan gehiegi arriskatzera eraman bazuen ere -12-12koan, adibidez-, presentzia irabazi zuen kantxan, Olatz Arrizabalaga bezalako txapeldun baten aurrean indarrak parez pare neurtuz. Gernikarrak ere bere sinadura utzi nahi izan zuen aurrelarien arteko lehia horretan, lurretik, ahal zuen bezala,, berriz ere abantaila berreskuratzeko (13-12).
AZKEN TXANPA
Partida gogortu ahala, atzeko koadroetako lanak ere berebiziko garrantzia hartu zuen eta, hein handi batean, Gamindek freskoago bukatu zuen partida. Tanto eder batzuk ere utzi zituen -13-13koa, esaterako, Arrizabalagak berak ere txalotutakoa-, eta oro har Laukizkoak sendotasuna erakutsi zuen atzeko koadroetan.
Urdinek hiru tantoko abantaila lortu zutenean (15-18), txapela gertu ikustearen bertigoak akatsak pilatzera eraman zituzten. Markagailuan beste berdinketa bat ezarri zen, eta une erabakigarrienean Arraizak, hormabikoz, abantaila lortzeko tantoa egin zuen. Gorriengan presak azaleratu eta 22ra arte eragozpenik gabe iritsi ziren Arraiza eta Gaminde, gaztetasuna eskarmentuari nagusituta. «Asko balio duen txapela da», zioen Laukizkoak, hiru urte geroago Binakakoa berriro irabazirik.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
