8.868 lagun dira Eroski taldeko kide, kooperatibaren 50. urtean
Eroski kooperatibak 50 urte bete ditu. Egun 8.868 kide dira kooperatibaren parte, %78 emakumeak dira eta 2024 urte amaieran 1.502 saltoki zituen Eroskiren sare komertzialak. Imanol Pradales Lakuako Gobernuko lehendakariak egindako bisitan eman zituzten datuok.

Elorrion kokatuta dagoen Eroskiren egoitza zentralak eta plataforma logistikoak 50 urte bete dituzte aste honetan. Duela mende erdi «euskal mugimendu kooperatiboaren sabelean» jaio zela gogoratu zuten, eta garaiko bokazioari eusten diola: «Eguneroko oinarrizko beharrei erantzun sozial eta kolektibo bat ematea, nola eta pertsonetan, partaidetzan eta lurralde errotzean oinarritutako enpresa eredu baten bitartez». Eroskiko Rosa Carabel CEOa lagun zuela, Imanol Pradalesek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehendakariak, bisita egin zuen atzo egoitzan.
«Elkartasuna, ekitatea eta garapen bateratua», horiek dira Eroskiren nortasuna osatzen duten baloreak, bertako kideen arabera. «Finkatuta» dagoen proiektua dela azaldu zuten bisitan, eta zenbait datu eman zituzten. Gaur egun 8.868 lagun dira Eroskiren taldeko kide Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horietatik %81 bazkide langileak. Eta generoari dagokionez, %78 emakumeak. «Emakumeak giltzarriak dira kooperatiban, eta horrek era transbertsalean gurutzatzen ditu hala talde operatiboak nola zuzendaritza; erakundean ardurazko lanpostuetan %74 baitira emakumeak», zehaztu zuten.
ELKARLANA BERTAKOEKIN
1969an sortu zenetik, Eroski garapen ekonomiko eta sozialean «giltzarria» izan dela esan zuten, eta lotura sendoak ezarri dituela «hurbileko ekoizpen ekosistemarekin».
Hain zuzen ere, EAEko 367 hornitzaile baino gehiagorekin lan egiten du Eroskik, horietako %69 nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiak, eta 8.100 produktu baino gehiagorekin hornitzen dituzte saltegiak, «batik bat sasoiko jaki freskoekin».
Pradalesek egindako bisita baliatuz, 2007an Lakuarekin lankidetza hitzarmena sinatu zutela gogoratu zuten, eta ondoren 2013an eta 2022an berritua izan dela: «Helburua da nekazaritzako elikagaien industria indartzea eta garatzea EAEn, nola eta balio kate osoan tokiko egokitzapena, elikadura osasungarria eta jokabide iraunkorrak bultzatuta. Hitzarmena aurten berritzea da asmoa».
Lakuako Gobernuko lehendakariak «kooperatibismoa ekonomiaren eta gizartearen motorra» izan daitekeela adierazi zuen, eta Eroskiren ibilbidea txalotu.
Rosa Carabelek, bestalde, Eroski taldea «enpleguaren, berdintasunaren eta berrikuntzaren motorra» dela azpimarratu zuen eta herrialdearekin duten «konpromisoa» berretsi zuen: «Ingurunearekin konprometitutako banaketa eredu iraunkorrago baterantz goaz, eta, bide horretan, berrikuntzaren, lurralde errotzearen eta ekonomiaren begirada gizatiarraren alde apustu egin dugu».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
