Hirugarren disko «kosmikoago» batekin heldu da Xiberoots
«Bihotzeko oihu bat» dela erranez aurkezturiko hirugarren diskoarekin, Xiberoots taldea «maila guzietan hobetzen» saiatu da, soinu, estilo, diseinu zein kontzertuei begira.

«Ohartu ginen musikari ainitz zirela Xiberoan eta talde guti; hori dela-eta lagun batzuen artean biltzen hasi ginen, instrumentu batzuekin...». Horrela sortu zen, 2013. urte erditsuan, Xiberoots taldea. ‘‘Maule Muffin’’ (2018, autoekoizpena) eta ‘‘Honki Jina’’ (2021, Berritza elkartearekin koprodukzioa) diskoak plazaratu eta Euskal Herrian gaindi kontzertua andana eskaini ondotik, «ohartu gara lau urte zirela ez genuela kanturik sortu», azaldu zuten taldekideek Xiberoko Botza irratiko mikrofonoan.
Taldea Jon Etxekopar “Pulpo” (kantuan), Jordi Foucher ‘‘Dijor’’ (sample eta baterian), Pette Ragoyen ‘‘JHA’’ (kantuan, gitarran eta flautan), Sebastien Delaporte “Seb” (baxuan), Peio Erramouspe (space gitarran), Thierry Faroppa “Titi” (perkusioan) eta Txomin Dhers “Txo”-k (pianoan) osatzen dute.
Hala, apiril hastapenean eskuragarri izanen den “Zer agitüko” hirugarren diskoa prestatzeko «lanean karraskan» ibili da taldea azken hilabeteetan. «Kantu batzuk idatziak nituen jadanik, gaur egungo aktualitateari buruz: gerla, aldaketa klimatikoa, hizkuntza zapalduak, polizia…», azaldu zuen Jon Etxekoparrek, gai politikoez gain «esperantza mezu zonbait ere izanen» dituzten kantuen idazleak.
Izan ere, kantu tradizionalaren birmoldaketen eta sorkuntza propioen arteko errepetorioa du taldeak, reggae estiloan oinarritua. Bide horretan, aldaketa batzuk iragarri zituzten disko berrian. «Soinua ainitz landu dugu, dub, hip-hop eta pop pixka bat txertatuz… posibilitate gehiago sortzeko eta soinuari espazio gehiago emateko», ziurtatu zuten. Era berean, «kosmikoagoa izanen da diskoa», azpimarratu zuten taldekideek.
Horren adibide da Pette Etxebarria Uztaroko artistak sorturiko ‘‘Gerla’’ kantuaren bideoklipa, jadanik ikusgai dena sarean. Azaldu zutenez, Mixel Etxekopar eta «Aljeriatik datorren sorpresa» batekin kolaborazioan egin dute diskoko singlea.
DINAMIKA BERRIA KONTZERTUETAN
Kontzertuek ordu eta erdi iraunen dute guti gorabehera eta, nabarmendu zutenez, taldekideen helburua «istorio edota film bat kontatzea da».
Izan ere, «kontzertuetarako ere lan polit bat egin dugu orokortasun eta dinamika berezi bat emateko», azpimarratu zuten Xiberootseko taldekideek. Disko berriaren zuzeneko aurkezpeneko aitzineko kontzertuak emanak dituzte dagoeneko, martxoaren amaieran Alegin eta Hazparnen, eta datozen hilabeteetan hainbat oholtzatan ikusteko aukera izanen da. Denboran gertuen daudenen artean, honako hauek: larunbat honetan bertan, Ezpeletako Eusko Egunean; maiatzaren 7an, Biarritzeko Atabalen, eta 24an, Itsasuko ikastolaren 15. urteurreneko festan; eta, ekainean, 14an Mugerren eta 28an Asteasun dituzte kontzertuak, 29an Arberatzen egingo den EHZ festibalean parte hartu aurretik. Ondorengo kontzertuak eta informazio gehiago, taldearen webgunean: www.xiberoots.net.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
