Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BLACK MIRROR (7. DENBORALDIA)

Ikuslea deseroso sentiarazteko gaitasuna

Aurrekoetan gertatu izan den bezala, “Black Mirror” telesailaren denboraldi berria osatzen duten atal guztiek sakonera bera ez badute ere, axolagabe uzten ez duten istorioak ditu oinarri.

Atal nabarmenetako bat “Hotel Reverie” da: zinema britainiarreko klasiko batean harrapatuta dagoen Hollywoodeko izar bat aurkezten du. Istorio horretan, adimen artifizialak pelikularen mundua imitatzen duen mundu bat birsortzen du, eta ihes egiteko modu bakarra ezarritako gidoiari jarraitzea izango da. Teknologiak errealitatea manipulatzeko duen gaitasuna islatzen du, eta fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak ezbaian jartzen ditu.

Beste une berezia laugarren denboraldiko “USS Callister” atalaren jarraipena da: “USS Callister: Into Infinity”. Jarraipen honek “spacecraft” edo espazio-ontziko tripulazioaren istorioari heltzen dio berriro. Charlie Brookerrek atal bati jarraipena ematen dion lehen aldia da hau. “USS Callister”-en sortutako unibertsoaren ahalmen narratiboa dago erabaki horren atzean: zientzia fikziozko elementuak, pop kulturari kritika satirikoa eta botere dinamikak uztartzen ditu.

Sei atalak independenteak dira, orainaldi alternatibo batean edo etorkizun hurbil batean girotuta daude eta bertan ageri diren aurrerapen teknologikoek giza izaeraren alderdi ilunak islatzen dituzte. Telesailak errealitatetik gero eta hurbilago dagoen etorkizun distopikoa erakusten du atalez atal: teknologia inbaditzailea, manipulatutako oroitzapenak eta ospearen presioa bezalako gaiak arakatzen ditu.

Ikuslea deseroso sentiarazteko duen gaitasunagatik nabarmenduko da berriro ere telesaila, narratiba probokatzaile eta sarritan ezkor baten bidez galdera deserosoak plazaratzen dituelako.