GARA
ZUIA

Zuiarren hitzak lurpean, eguzki plaken makroproiektua salatzeko

Zuiako herritarrek, Solaria enpresak jarri nahi dituen eguzki panelak ez dituztela begi onez ikusten adierazteko, ekimen irudimentsua egin zuten atzo goizean. Beren mezu, kezka eta desirak kutxa baten barnean sartu eta lurperatu egin zituzten, etorkizuneko belaunaldiek beren iritzia zuzenean jaso dezaten.

Helburu argi batekin lurperatu dituzte “Memoriaren Kutxan” beren mezu, desio eta kezkak Zuiako herritarrek: «Etorkizuneko uneren batean, beste belaunaldi batek entzun dezala gaur egun beren lurra defendatzen dutenen ahotsa». Atzo goizean egin zuten ekitaldia, Villa Jesusa Parkean, Murgian, Zuia Bidean elkarteak antolaturik.

Solaria enpresak paisaia, bizi eredua eta udalerriaren garapena mehatxupean jartzen dituzten eguzki panelen makroproiektua eta bere jarduerak aurkeztu eta urtebetera sortu da ekimen hau, hain justu. «Testigantza kolektiboa» eman nahi izan dute herritarrek, erresistentziazko mezu bat helarazi, «etorkizunari esanez, zoritxarraren aurrean, komunitateak ez zuela amore eman»; hala zioten hedabideei igorritako oharrean.

Musikak eta jai giroak ardaztu zuten ekitaldia, eta amaieran arrosondoa landatu zuten, bizitzaren, zaintzaren eta memoriaren sinbolo gisa. Izan ere, askotariko mezuak jaso zituzten, nork bere ikuspegi propiotik idatzitakoak: eskutitz pertsonalak, talde-hausnarketak, aldizkari ofizialak, musika, marrazkiak, objektu sinbolikoak eta etorkizunean kutxa irekiko duten, ondare hori aurkituko duten, pertsona horiei zuzendutako hitzak.

LURRAREN DEFENTSAN

«Kapsulan gordetako ekarpen horiek erakusten dute lurraldearekiko loturak belaunaldiak zeharkatzen dituela eta komunitatearen babesari esker bizirik eta indartsu dagoela», adierazi zuten. Zuia Bidean elkarteak azpimarratu zuen «premiazko garaian, memoria ereitea borroka modu bat» ere badela. Azaldu zuten “Memoriaren Kutxak” ez duela irekitzeko datarik baina ziurtatu nahi izan dutela etorkizuneko herritarrek gaur egungoen iritzia jasoko dutela.

Zuia Bidean elkarteak, makroproiektuen mehatxua ikusarazteaz gain, komunitatea ehuntzea, adierazpen espazioak zabaltzea eta mezu bat transmititzea du helburu, argi utzita «hemen gaudela, eutsi egiten dugula, eta beste eredu bat posible dela uste dugula».