Asier AIESTARAN
PILOTA

Iker Larrazabalek pronostiko guztiak apurtu ditu Astelenan

Arabarrak sekulako partida jokatu du Eibarren eta 14-22 irabazi du ligaxkako lehenbiziko partida Jokin Altuna egungo txapeldunaren aurka.

Larrazabal, garaipena ospatzen.
Larrazabal, garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Iker Larrazabalek ezusteko handia eman zuen Eibarko Astelena pilotalekuan Jokin Altuna, egungo txapelduna, 14-22 menderatuta. Amezketarra ongi hasi zen, 5-1 ere aurreratu zen markagailuan, baina apurka-apurka Larrazabal nagusitzen joan zen eta bigarren erdian askoz gehiago izan zen.

Larrazabalek egin zuen partidako lehen tantoa, pilota oso atzera jota, baina Altunak ongi erantzun zuen eta azkar uxatu zituen txapelketako lehen neurketak sortu ohi dituen zalantzak. Bi dejada eder, atzera jotako pilotakada indartsu bat eta sake bikain batekin 5-1 aurreratu zen amezketarra. Bizi ikusten zitzaion, kantxan arin mugitzen, kolpez fresko.

Baina Larrazabal aurkari arriskutsua dela ederki asko zekien Altunak, eta azkar egiaztatu ahal izan zuen: arabarrak 5-2koa botiboleaz jotako horma-biko bizi batekin lortu zuen. Jendea harrituta geratu zen pilotalekuan, baina ondoren beste hiru tanto ere egin zituen jokaldi horrekin aurrelari gazteak. Bere hurrengo aurkariek badute, beraz, zer aztertua.

Sakearekin ere asko asmatu zuen Amurrioko pilotariak. Guztira bost tanto egin zituen sakez, eta sake-bueltan ere bai beste mordoxka bat. Gisa horretan egin zuen 5-6koa, markagailuan aurrea hartuz.

Ez zen pilotakada askoko neurketa izan, 176 guztira 45 minutuan, eta tanto trukaketa azkarrean joan zen norgehiagokaren zatirik handiena. Larrazabalek pilota atzeratzeko aukera zuenean, aginte horri zukua ateratzea lortzen zuen. Baina Altunak hanketara jokatzen zionean, dezente sufritzen zuen defentsako lanean.

Jokin aurretik zen 11-10ekora arte, jokaldi bikainak utziz, 8-6an atzera jo zuen pilotakada edo 9-8an kantxaren erditik jotako gantxo zaila, adibidez. Baina Larrazabalek ere ez zuen amore ematen eta, pilota indartsu atzeratuz, asko estutu zuen Altuna.

Aipatutako 11-10eko horren ondoren, Ikerrek bost tantoko partziala kateatu zuen, 11-15 agintzera pasatuz. Konfiantza hartzen joan zen, bere pilotakadek Altuna ito egiten zutela ikusi zuen, eta unea baliatzen jakin zuen.

Altuna askotan ikusi dugu horrelako estuasunetatik bizirik ateratzen. Eibarren ere gipuzkoarrak egin zituen bere-bereak dituen jokaldi harrigarri batzuk, 12-15ean atzeraka joanez ezustean bota zuen dejada milimetrikoa, adibidez. Baina ez zitzaion batere eroso ikusten, eta azken txanpan erabat erori zen.

Larrazabalek azken bost tantoak segidan egin zituen, 14-17tik 14-22ra, eta bera gozatzen ari zen bitartean Altuna amorratuta ikusi genuen, errestoan asmatu ezinik.