Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Pasioa

Ipuin kontalariak gezur kontalariak dira ala ispiluaren bestaldean dagoen egia kontatzen dute? Mitologia, kontu zaharrak, legendak…, gezurtien zirkuluaren kontuak dira, Jean Claude Carriere munduko kontu zaharren bildumari hain maisuki deitu zion antzera. Behin agure irlandar bati esan zioten kontakizunen pertsonaia fantastikoak ez zirela existitzen. Gizonak erantzun zien ez ikusteak ez duela esan nahi ez direnik. Pentsamendu magikoa horrelakoa da. Aldiz, badira beste kontu eta istorio batzuk aski serioak, sinistu beharrekoak eta gizartean ohorezko lekua dutenak, baita instituzio publikoen gurtza ere. Liburu potoloa badute istorio guztiak biltzen dituena. Baina hori ez omen pentsamendu magikoa, egia berdaderoa baizik. Eta udaberria heltzean, ez omen den pentsamendu magiko horren Pasioa ospatzen dute. Eta kontalariak ez diren kontalari batzuek Pasioaren ipuinak kontatuko dituzte. Hemen ere ez ikusteak ez du esan nahi ez denik. Ospakizun horrek turismo santua bihurtuko du errealismo gezurteroa. Egun hauetan pentsamendu magikoan murgiltzekotan, nik nahiago dut Donibane Lohizuneko Festi-Contes jaialdira joan ipuinak entzutera, Euskal Herrian antolatzen den kontalaritza jaialdi bakanetakora. Udaberri festa egunotan, egia berdaderoen gezurtien zirkulu ederra izango da istorioak eskaintzen. Pasioz.