Urrian ireki nahi dute GOe «herri proiektu handia»
GOe Grosen eraikitzen ari diren Basque Culinary Centerren zentro berriko lanak bisitatu genituen atzo, hiru erakunde bultzatzaileekin batera: Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala. «Herrialderako proiektu estrategiko handi» gisa definitu zuten, bizilagunen eta 114 profesionalen oposizioari entzungor eginda.

Donostiako Gros auzoan, Okendo kultur etxearen ondoan, eraikitzen ari diren Basque Culinary Centerren zentro berria, GOe izenekoa -Gastronomy Open Ecosystem-, lanen azken etapan sartu da. «Prestakuntza espezializatua, ikerketa eta berrikuntza gastronomikoa, ekintzaileentzako laguntza programak eta herritarrentzako jarduera programa zabal bat» eskainiko ditu, BCCk eta hiru erakunde sustatzaileek -Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua- adierazi zutenez.
Atzo bisita gidatua eskaini ziguten hedabideoi, eta han sartu ginen auzoko berdegune bakarrean, 60 urte inguruko ehun arbola baino gehiago erauzita, altxatu duten eraikin handira, Construcciones Amenabarren kaskoa eta txaleko horia jantzita, pozarren ageri ziren agintariekin batera.
Goiko solairutik hasi ginen, itsasoari eta elizari begira. Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak nabarmendu zuen lanak «aurreikusitako exekuzio planaren arabera» doazela eta beren helburua irailerako amaitzea dela. «Egitura bukatuta dago, eta barrualdean dabiltza orain: instalazioak ixten, barne banaketa eta bukaerak egiten... Kanpoaldean, aldiz, estalki berdeak eta fatxada egiten ari dira», zehaztu zuen.
ZORTZI SUKALDE ETA AUDITORIUMA
Espazioak ezagutzen joan ginen gero, lanean ari ziren beharginak ahalik gutxien oztopatuz. Zortzi sukalde egongo dira eta horietako handiena eta ikusgarriena goiko pisukoa da. 16 sukaldarirentzako leku zabal eta irekia izango da eta itsasoa zein eliza ikusiko dira bertatik.
Solairu bat beherago 200 lagunentzako auditoriuma kokatuko da, eta eskailera pila bat jaitsita, behe solairuan, sarrera nagusia, kafetegia eta, eskuin aldera, «hiritarrentzako espazioak». Nafarroako Hiribidera irekia egongo dela azaldu zuen Aizegak, eraikinaren «izaera gardenaren» isla.
Jakinarazi zuenez, gastronomia osasunarekin, jasangarritasunarekin eta ongizatearekin lotzen da, eta erlazio honetan, arreta berezia jarriko diete populazioaren bi sektoreri: haurrak eta hirugarren adinekoak. Asmoa, BCCko zuzendariaren hitzetan, «elikadura zaporetsu eta osasungarria» sustatzea izango da.
TALENTUAREN LURRERATZE PISTA
Lehenbiziko solairura joan ginen handik, eta irudimen ariketa bat egiteko eskatu zigun Aizegak, bertan kokatuko den zentro teknologikoa, GOe Tech Center izenekoa, imajinatzeko. «Sukaldaritza eta zientzia uztartuko ditu, ikuspegi holistiko batetik berrikuntza bultzatuz», azaldu zuen. Zentzumen eta analisi gela izango du, baita hamar laborategi ere.
Bigarren pisuan, berriz, mila metro karratuko coworking gunea prestatuko dute ekintzaileentzat. BCCko zuzendariak oroitu zuenez, GOek elikadura eta gastronomia bultzatu nahi ditu, etorkizuneko sektore ekonomiko garrantzitsu bat direla ulertzen duelako, eta horretarako talentua erakarri behar da, ikertzailea zein ekintzailea. Coworking hau «mundu osoko talentua ekartzeko lurreratze pista bat» bezala irudikatu zuen.
HERRI PROIEKTU HANDIA, BAINA ZEIN HERRI?
Joxe Mari Aizegak «herrialderako proiektu estrategiko handi» bezala defendatu zuen GOe. Erakundeen arteko elkarlanaren eredu ere badela goraipatu zuen, eta ildo beretik mintzatu ziren agintariak ere. Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi zuen hiriaren «erreferente arkitektoniko berri bat» izango dela olatu formako eraikin hau.
Inguru egokian dagoela azpimarratu zuen. «Kursaaletik hurbil dago eta eragin handia edukiko du. Ingurua birgaitzeko aukera ere emango digu. Okendo kultur etxea berritzea izango da Udalaren hurrengo esku hartzea. Zemoriako parkearen goiko aldearen altuera gaindituko duen igogailu bat erantsiko dugu», esan zuen.
Alkatearen ustez, horrek mesede egingo dio auzoari, «kalitate handiagoko ekipamendu eta gune urbanistiko hobeak» izango baititu.
Bestetik, esan zuen Donostia gastronomian erreferentzia dela baina hori «ez dela mantentzen ekimen berririk gabe». Ekimen berri horietako bat da GOe, hain zuzen, «munduari eta etorkizunari begira» egindakoa.
«BISIO ESTRATEGIKOA, AURRERA JARRAITZEKO»
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredoak Lakuako Gobernua garatzen ari den «nekazaritzako elikagaien ekosistema globalaren» barnean sartu zuen GOe, Gasteizko eta Guardiako EDA Drinks&Wine Campusekin.
«Elkarrekin osatuko dugu proiektu handi hau, gastronomia eta lehen sektorea bultzatzeko asmoz», baieztatu zuen itxaropentsu.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, atzera jo zuen, duela kasik 50 urte sortu zen euskal sukaldaritza berriaren mugimendua gogora ekartzeko. «Jakinda zertan garen onak, ez gara konformatu eta bisio estrategikoa izan dugu aurrera egiten jarraitzeko». Hori da berarentzat egitasmo honen balio nagusia.
Herriaren proiektu handi bezala aldarrikatu zuten, hortaz, GOe, baina zer herri? Aurkezpeneko hitz politek badutelako B aldea. Duela zenbait urte, eraikin hau egiteko asmoa zegoela jakin zutenean, Gros eta Uliako bizilagunak mugitzen hasi ziren eta elkarretaratzeak eta manifestazioak egin zituzten auzoko berdegune bakarra ezabatu ez zezaten. «Auzoaren aurkako azken zapalkuntza urbanistiko» gisa definitu zuen SOS Manteok BCCren egoitza berria Nafarroa Hiribidean egitea.
SOS MANTEO
Manteo eta Zemoria parkeetan 60 urte inguruko 100 zuhaitz zeuden, eta horiek denak galdu dira GOe eraikitzerakoan. Gainera, salatu izan dutenez, «ez dute bizilagunen iritzia kontuan hartu» eta Manteoko zoru publikoa eman diote fundazio pribatu bati.
Auzoaren bizi kalitatea «berreskuratu» nahi lukete eta horretarako biztanleek erabakietan parte hartu behar dutela defendatu izan dute.
PROFESIONALEN MANIFESTUA
Bizilagunak ez dira proiektu honen aurka azaldu diren bakarrak. Duela urtebete inguru, 2024ko martxoan, 114 profesionalek agiri bat aurkeztu zuten. Tartean ziren Euskal Herriko Unibertsitateko, klima aldaketa ikergai duen BC3ko eta bertze ikerketa zentroetako 58 ikertzaile, baita arkitektoak, paisajistak, ingurumen teknikariak, geografoak eta ingeniariak ere.
GOeren proiektua bertan behera uzteko eskatu zuten guztiek, eta prozesu parte hartzaile bat abiatzeko, «Gros auzorako nahi eta behar den parke ederra denen artean erabakitzeko».
«GOek Gros auzoak sufritzen dituen gentrifikazio eta turistifikazio arazoak handitu baino ez dituela egingo» ere ohartarazi zuten, eta beste kokaleku bat eskatu zuten BBCren zentro berrirako.
Justu zentroa altxatzeko aukeratu duten lursailaren ondoan dagoen ikastola zaharra edota Mariaren Bihotza eliza proposatu zituzten, adibidez. Edota birgaitze bat eskatzen duten zonaldeak. Beren ustez, hautatutako gunea ez zegoen justifikatua. 2020an Klima Larrialdia deklaratu zen Donostian, eta «hirian dauden gune berde gutxiak» mantentzea lehentasuna izan beharko litzatekeela aldarrikatu zuten.

Pluses inflados o inventados para subir 350 euros el sueldo de ertzainas

BMW llegados desde Oviedo a Arkauti, Irun, Donostia... a 75.000 euros el coche

«Biolentziari biolentziaz erantzuteko modu bat da ez bitartasuna»

ETAren lehen armagabetze saioa Zokoako apaizetxean gertatu zen
