XOLE ARAMENDI
Elkarrizketa
beñat olaberria
Margolaria

«Asko sufritzen dut pintatzean»

Atzerrira jo zuen duela 11 urte, eta bertan garatu du arte ibilbidea. Pozarren dago jaioterrian, Donostian, lehenengo aldiz eskegi dituelako margoak. Aukera honek soka luzeagoa ekarriko duen esperantzarik ez du galdu. Gainontzekoen konnotazioari ihesi, beltza dute kolore bakar bere lanek. Bideari fokua jarrita, «istripuei» ongietorria egiten die.

(Argazkiak: Gorka RUBIO | FOKU)

Estreinako aldiz erakutsi ditu margoak Donostian Beñat Olaberriak. Denera 11 koadro eta 20 papereko lan txiki eskegi ditu Ekain Arte Lanak galerian, maiatzaren 24ra arte egongo dira. Pentsatu eta egin. Londresera jo zuen duela 11 urte. «Gaztetan, etxean ‘Arte Ederrak zertarako?’ esan zidaten, badakizu... eta Marketin eta Enpresa ikasketak egin nituen. Proiektu pertsonal bezala, Londresera abiatu nintzen 44 urterekin. Esperientzia pertsonala izan behar zena nire lanbide bilakatu zen», kontatu du.

Zalantzak argitu nahiak bultzatu zuen bidaiatzera. «Bizitza osoan marraztu dut, baina niretzat. Jakin nahi nuen zergatik egiten nituen marrazkiak, beste ezer egiten ez nekielako edo hori zelako nire bidea artearen munduan. Eta horren erantzunaren bila joan nintzen, ikastera. Artista bezala zein nintzen ikusi nahi nuen», dio.

Ingalaterrako hiriburuak bizilekua eta lanbidea eman dizkio. Baina ez hori bakarrik. Munduari leihoak zabaldu dizkio bertatik donostiar artistak. «Ingalaterran, Alemanian, Frantzian, Suitzan, Taipeien, Shangaien... erakutsi dut nire obra», esan du.

Esker oneko agertzen da Londresekiko. «Estudioa daukadan eraikinean 300 artista gara. Londresen milaka gara. Itxuraz horrek zaildu egin beharko luke, baina alderantziz da, aukera pila bat daude! Zuk antolatu dezakezu zure erakusketa inori itxaron gabe, leku asko daude horretarako. Oso eskertuta nago eman didan aukeragatik. Hemen ezinezkoa da gauza bera gertatzea. Zoritxarrez, ez dago artearen inguruan han dagoen kultura. Ez dago ohiturarik galerietara joateko artea erostera. Londres zoragarria izan da», esan du Olaberriak.

Beltzaren erabilera du ezaugarri du bere lanak. «Beste koloreak konnotazio handikoak dira», argitu du.

EGUN BAKARREAN

Hasi eta buka, saio bakarrean ontzen ditu margoak. Ez du sekula bezperan utzitako lana berriz hartzen. «Nire artegintzak ez dio ‘zer?’ galderari erantzuten. Zergatik, nola, nora... ‘Zer’ ez beste guztia erantzuten saiatzen naiz, beste kontu bat da erantzuten dudan ala ez, hori beste historia da», esan du irribarrez.

Bideari fokua jarrita egiten du lan Olaberriak. «Keinuan, markan, orekan eta prozesuan oinarritzen da nire lana. Nik lana ez dut inoiz programatzen. Margotzen hasten naizenean, ez dakit nora eramango nauen. Saio batean egiten ditut, hasi eta buka. Behin estudiotik alde egiten dudanean, hurrengo egunean ez diot horri heltzen. Niretzat garrantzitsua da momentu horretan nik daukadana ateraraztea. Gero bueltatzen banaiz, gezurretan ari naizela iruditzen zait», azaldu du.

Egin eta hausnartu. Ordena horretan. «Pentsatzearena ondoren dator nire kasuan. Margotzen dudan bitartean bizitzen dudanagatik margotzen dut. Azken produktua inportantea da, noski, galbahea pasa behar du eta koherentzia gorde behar du. Egunero joaten naiz estudiora, bospasei ordu egiten ditut bertan. Eta prozesuagatik joaten naiz, hor sortzen diren barne-bataila horiengatik; ez dut inspirazioan sinesten, lanean baizik».

Begira. Aztertu eta pentsatzen. Margotzen bezainbeste denbora ematen du obra aztertzen. «Askotan estudioan pasatako 5-6 orduetan ez dut pintzela hartu ere egiten, koadroari begira egoten naiz. Askoz denbora gehiago pasatzen dut begira, egiten baino», argitu du.

Egindakoa balekoa den ala ez ez du momentuan erabakitzen. «Hor uzten ditut. Begiratzen diet, eta ona dela iruditzen bazait, gorde egiten dut, eta ez bada hala, desmuntatu eta piezak collagetarako eta lan txikietarako erabiltzen ditut».

Eta ikusleak? «Irudi bat eskaintzen dut eta ikusleak erreakzionatu egiten du horren aurrean. Hark bere bizitza nire obran proiektatzen du. Hori ikusi nahi duenaren kasuan, eta zeozer ikusi nahi badu, ez baitut sinesten gauzak derrigorrez ikusi behar direnik ere», azaldu du artistak.

Bere buruarentzat sortzen du. «Lana oso pertsonala da. Nirea da, eta niretzat. Gero, profesionalki, noski, argi dago saltzea inportantea dela. Horregatik ez diot erantzuten ‘zer da?’ galderari. Askotan neuk ere ez dakit. Eta baldin badakit ere, ez dut erantzuten. Bakoitzak ikus dezala nahi duena».

EZUSTEAK

«Istripuak» inportanteak dira bere lanean. «Gauzak gaizki irtetea bilatzen dut. Eta nahi dut, gero horrek ematen didalako konponbidea aurkitu behar diodan arazo bat. Arau asko ditut margotzerakoan, eta horietako bat da ezin dudala dena zeharo deuseztatu. Akatsak ikusgai geratu behar du. Lausoduraren bitartez lortu dezaket hain presente ez egotea, baina hanka sartzea hor egotea nahi dut. Inportantea da».

Halaxe aitortu digu. «Asko sufritzen dut pintatzean. Ikasleei -irakaslea da Unibertsitatean- esaten diet, norbaitek esan baldin badizue margotzea erlaxagarria dela, ni ez nago batere ados horrekin. Borroka bat da niretzat. Gutxienez nire bi pertsonalitate oso potente bertan daude: kontrol freak bat, hori ni naizelako, eta bestetik, oso askea den pertsona. Bi nortasun diferenteek elkarrekin lan egitea gustatzen zait. Hasieran inongo beldurrik gabe gauzak egiten hasten naiz, jakinda asko gaizki daudela, eta gero eseri eta begiratzen hasten naiz, ea kontrolatzeko gai naizen». Kolore beltza ez denik ez darabil, baina testurekin, geruzekin... jolasten du. Beltzak horretarako aukera ematen dio. «Beltzak kalitate asko eduki ditzake. Batzuetan hotza da, besteetan beroa, izan daiteke pintura potoloa eta dentsitate handikoa, eta koadro berean oso likidoa. Horrek testurak lantzeko aukera ematen dit», esan du.

Mihise bereziak erabiltzen ditu, kotoizkoak. Honen kolore originala ikusten da obren hondoan. «Kotoiaren kolore naturalak berotasuna ematen dio, zuria hotzegia egiten zait. Zailagoa da marraztea, pintura guztia xurgatu egiten duelako. Ez dit uzten naturalki edukiko nituzkeen keinu espresiboak izaten. Bestela politegia geratu daiteke. Eta ez dut ezer politik egin nahi», amaitu du.