«Mendekatu dut Historia, eta asaskaturik gelditu naiz»
1941ean Etxanon sortutako umeak grina eta irudimena mantentzen ditu, bide oparoa osatu ahala. 1980ko urteetan bertsogintza irauli zuen eta Euskal Herriko txapelduna izan zen bi aldiz. Idazlea, itzultzailea, ikerlaria eta euskaltzain urgazlea da. Manuel Lekuona, Lauaxeta eta Monzon-Ganuza sarien jabea. Amuriza.eus-en kaleratu du liburu berria.

Duela bi urte bezala, bizigarria eta pozgarria izan da Xabier Amurizarekin elkartzea. Arantza Plaza emaztearekin etorri da, egun handi batean. Alaba erditzear da eta hunkituta daude, aitita eta amama bihurtzeko itxaronaldi gozoan. Jendea agurtu, solas batzuk egin, eta patxadaz jarri gara terraza batean, eguzkiaren eta itzalaren artean.
“Nik ere badakit hiltzaile izaten” liburu berria Amuriza.eus webgunean plazaratu du, bere ordenagailuaren gordelekuko bertze dozena bat lanekin batera. Bi urte daramatza webgunearekin, eta badu bisiten erreferentzia bat, jakiteko irakurleak hor dabiltzala.
Liburua idatzi berria al da?
Bai. Dena aurtengo partean egina, ze, artean, erabakita neukan gehiago ez idaztea. Webgune hori sortu nuenean, ordenagailuan neuzkan lan guztiak sartu nituen, amaitu zela pentsatuz. Erabaki irmoa zen, e! Urtebete horrela joan zen. Baina oraindik bizirik eta aurrera eginez, bat-batean tximista bat bezalako bristada bat pasatu zitzaidan begietatik. Forma bat. “Hau egin dezaket”. Gauzak ez dira, noski, bat-batean etortzen, lehenago zerbait buruan erabili ez baduzu. Baina erabakia nuenez ez nuela gehiago idatziko, ba utzi egin nuen. Baina atzera etortzen zitzaidan [Barrez]. Probatzen hastea pentsatu nuen. Julio Zesar, adibidez. Aurrera eta aurrera egin nuen, konbentzimendu handirik gabe, eta amaitu nuen nola edo hala. Azkenean beti gertatzen zait horixe. “Egiten ez badut, ez da egingo. Orain egiten ez badut, geroago ez dut egingo”. Eta jarraitzea erabaki nuen.
Gozatu al zenuen?
Gozamena gero izaten dut, egindakoa ontzen, lantzen, orrazten. Aurrekoa lan bat da. Hainbeste datu antolatu, aukeratu, ordenatu. Bigarren pertsonaia Agripina izan zen. Amaitu nuen, eta honekin ere, bertsio gordina egindakoan, gozatu nuen konpontzen, luzatzen, kentzen, elkarrizketa edo narrazio forma ematen...
Denekin berdin egin zenuen.
Ez neure buruarekin borrokatu gabe, baina bai. Eta azkenean, hiru inpresio nagusi geratu zitzaizkidan. Lehenengoa, bizkaierako aditz bat da, “asaskatu”. Zerbait esaten edo egiten hustu zarenean sentitzen duzuna. Hustearen betetasuna, dios! Gustura, baina enfasiarekin, kontsolatuta. Ba, horixe. Asaskaturik gelditu naiz. Bigarren inpresioa: gero pentsatzen nuen, eta eskaintzan ere hala diot, irakurle batzuek atsegin on bat hartuko dutela. Zenbatek ez dakit, baina batzuek ziur. Esango dute: “Dedio! Ez nekien nola, baina hauxe nahi nuen!” [irri egiten du]. Eta hirugarrena: “Hau hor geratuko da”. Eskoletan ez dute gomendatuko, baina irakasleren batzuek esango diete ikasleei, azpitik: “Hau ere irakurri”. Hain zuzen, atzo idatzi zidan batek: ”Eskolan ikasi genituen Pizarro, Zesar eta abar, heroiak balira bezala. Zure liburua irakurrita, heroiak dira, baina alderantziz. Eta oraindik horrela irakasten jarraitzen dute”.
Kalifikazio gogor samarrak ere erabiltzen dituzu.
Jakina! Gogorrak ez. Objektiboak. Bigunegiak, gertaeren neurrirako. Figura horiek konkistatzaile kriminalak izan ziren. Konparazio bat jartzeko, futbolean esaten da: “Munduko titulua konkistatu dute”. Zer litzateke balitz: “Aurkari guztiak hilda iritsi dira titulura”? Militarki horixe baita. Ba al dakizu zer den “konkista”? Zeurea ez den lurralde bat inbaditu, aurrean jartzen zaizkizun guztiak akabatu, eta bizirik geratu direnak hil edo esklabizatzea.
Zein izan zen aipatu duzun tximista?
“Konkistatzaile horiek piztu egin behar ditut. Elkarrizketa bat egin behar diet. Eta neuk akabatu behar ditut” [irriak]. Elkarrizketetan, protagonistek gauzak naturalki esaten dituzte, sentitzen eta egiten zuten moduan. Haientzat normala zen. Loriagarri ere bai. Saiatu naiz elkarrizketa naturalak izan zitezen. Zehar-ironikoak ere bai. Uste dut lortu dudala aldi berean kontundentea eta literarioa izatea, panfletarioa izan gabe. Agripina, adibidez: Augustoren birbiloba, Tiberioren biloba, Germanikoren alaba, Kaligularen neba, Klaudioren emaztea, Neronen ama … Zer-nolako alea! Bere semeak, eraila izatetik libratzeko, bere burua hil zuen.
Sinestezina!
Ez hainbeste. Tazito historialariak dio Pison izeneko pontifize batez: “80 urte baino gehiagorekin, berez hil zen”. Harrigarria baitzen Erroman norbait inportantea “berez” hiltzea. Normalean erailak edo suizidatzera kondenatuak izaten ziren. Julio Zesar halaxe hil zen. Zizeron asasinatua izan zen, eta izugarriak egin zituzten haren gorpuarekin.
Historiako hamar izen enblematiko hartu dituzu.
Azkena, Arthur Ingel. Izen-abizen horien jaberik ez da existitzen. Ez nuen aurkitzen pertsonaia bat, ondo identifika zezakeena Ingalaterrak munduan egin duen guztia, eta izendapen horixe eman nion haren historia koloniala irudikatzen zuenari. Alexander Handia ere denok aho zabalik ikasi genuen, artea, literatura, pentsamendua, dena alde zuela. Baina zenbat jende akabatu zuen! Zenbat lurralde txikitu! Hamar izen horiekin gelditu nintzen, nahikoa direla pentsaturik. Pertsonaia modernoagoekin berdin egin liteke, baina distantzia batean, historian kokatuta eta goraipatuta gelditu direnak hartu ditut.
Honako oharra jartzen duzu bukaeran: «Fikzio bat: Historia idazten da gaizki gertatua ez errepikatzeko. Egia: Historia idatzi da errepikatzen jarraitu ahal izateko moduan».
Nire protagonistek eta orain denen ahotan dabiltzan Trumpek, Putinek, Netanyahuk eta beste zerrenda amaigabe batek bigarren hori egiten dute. Pepe Mugicari entzuna diot, gaur egun, oraindik, martxan direla 52 gerra munduan. Konkistatzeko modua bat bakarra da: militarra. Eta ekonomikoa. Horrela izan da eta da. Liburuaren azken sententzia honakoa da, historialariez eta pentsalariez: “Zuek ere harrapatuko zaituztet. Pentsatuko dut nola”.
Mehatxu hori noiz amaituko da?
Ez da amaituko, zoritxarrez. Gaixotasun arraroak dauden bezala, badira espezie arraroak ere. Arraroena giza espeziea da. Hemen historia gertatu da gertatu den moduan, baina kontaera nagusiak dena goraipatzen du bere alde. Horri buelta ematea ez dago nire esku, baina bai alderantzizko kontaera bat eta sentiera bat ematea. Horixe egin dut, eta asaskatuta geratu naiz,
! Mendekatu dut historia. Uste dut nire izena, batez ere, liburu honekin loturik geldituko dela. Orain bertan, ez hainbeste, baina mende bat barru, hor ibiliko da. Oso desberdina delako. (Iritzi boteretsu baten arabera, “desberdinegia”). Kontundentea delako. Eta literarioa delako.
“Mende bat barru” diozu?
Nire pertsonaren konnotazioak ezabatzen direnean.
Eta orain? Ezin duzu baztertu gehiago idaztea...
Ez dakit. Oraindik argitasun bat geratzen zait, eta denbora bete behar da, zeren denbora hutsa baino zulo beltzagorik ez dago. Badaukat ideia txiki bat. Aspaldi idatzi nuen: “Oroitzen naizena naiz”. Duela 70 urteko pasarte bat gogoratzea eta orduko sentsazio berdina sentitzea mirari esentzial bat da. Baina memoriak salto egiten du une batetik bestera, tximeleta batek bezala. Idaztea gelditzeko modu bat da. Eta gero, idatzitakoa irakurtzean, berriz ere denbora dohatsu bat dator.
Nola ez, bertsoak ere jasoak daude Amuriza.eus-en.
Bai. Bat-bateko jarduna utzi nuenean, bertso eta kopla pila bat neukan gordeta, eta webgunean jarri nituen, zirkulua itxiz. Geroztik, bertso eta kopla gehiago ere idatzi izan ditut, eta hortxe daude sartuak.
2016an bat-bateko bertso gehiago ez kantatzeko hartu zenuen erabakiari tinko eusten diozu.
Kantatzen jarraitzen dut, noski. Adibidez, “Nire kantarik onenak” saioan, eta abar. Hori gustatzen zait. Baina ez bat-bateko bertsolari moduan. Salbuespenik ez dut egiten, zeren, bestela, hurrengoari nola esan behar diozu ezetz?
Zirkulua ixten saiatzen zara, baina aktibo zaudenez, ezin.
[Irri algara]
Gaur ere begira nolako egun zoragarria daukadan! Biloba datorrenean, hari ere kantatu eta kontatuko dizkiot direnak eta ez direnak.
[Berriro Arantzarekin elkartu eta desiorik onenekin agurtu gara. Bazkari eder bat egin dute ospatzeko, eta biharamunean jaio da Euri].

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
