Idazleen Biltzarra Saran, beti arrakastaren bezperan
Euskal literaturarentzat beti bezpera balitz bezala. Zentzu orotako arrakasta ekarriko duen egun handiaren zain, non idazleak eta obrak egun batetik haragoko merezimendua eskuratuko duten, mundu mailako beste sortzaile anitzek bezala. Adibidez.

Bezperan hasi zen Saran idazleen biltzarra, Baiona Euskal Herriko Abesbatzaren eskutik -haiek diotenez, Euskal Herri osoan ahotsez euskal musikaren sustapen eta hedapenean ari den koru profesional bakarra-. Bezperan atondu zuten biltzarreko areto nagusia ere; han zebiltzan sortzaileak eta argitaletxeetako arduradunak postuak atontzen, eta egokiera horrekin eman zitzaion hastapena Pazko astelehenean Idazleen Biltzarraren 42. edizioari Saran.
Aste Santuko oporrak eta Aita Santuaren heriotza askoren goizeko hizpide, horretan aurkitu genuen Mikel Epaltza apaiza, eta bere «samina» adierazi zion Battitte Laborde Sarako auzapezari, norbaitek bezperan telebistan agertu zela eta osasuntsu zirudiela aipatu zuen arte. Baina inor ez da bezperan hiltzen, baizik Sarako elizaren kanpandorreko idatziak dioen bezala oren guztiek kolpatzen bagaituzte ere «…azkenekoak du hobirat egortzen».
Biltzarra osasuntsu dago, ordea; hala erakutsi zuen atzo edizio berri honek. Jendetza goizean goizetik, eta gero eta areto gehiago aurkezpenetarako. Goizeko hamarretan François Bordes idazleak eman zion hasiera, bere “Les Flammes de l’illusion” aurkeztuz. Ilusioaren Sugarrak. «1609. urteaz ari naiz; sorgin ehiza gupidagabe baten eszenatokia bihurtzen da Euskal Herria. Mitoaren eta errealitatearen artean, kondairaren eta manipulazioaren artean, Pierre de Lancre epaileak gidaturik pasarte odoltsuak daude. Errepresio honi buruz, sorgin deitzen zituzten horiek nortzuk ziren, zein ezkutuko interes zeuden jazarpen horien gibelean, kontakizun errealista bati heldu eta diskurtso ofiziala deseraiki nahirik ahalegintzen naiz».
Antton Kazabonek hartu zuen Bordesen txanda, Maiatz argitaletxearekin atera duen “Itsasoa noraino, haraino” aurkezteko. Idazle oiartzuarra galdekatzeko parada izan genuen gero. «Askotan etorri naiz Sarara, gazteentzat antolatzen dituzten Ikusi-Mikusi jardunaldietara ere bai azken urteotan, eta poesiari heldu diot oraingoan, nerabeentzat edo helduentzat zuzendutako lanarekin. Haur ttipiei begira hitz-joko eta abarrekin osatutako poemak baneuzkan idatziak aurrez, eta aldi honetan, sarrera idatzi didan Joxerra Gartziak dioen bezala, nire barneko minak kudeatzeko bi modu daudela agertzen dut, barnean edukita edo min horiei hitza jarri eta kanporatuta, nahiz badakidan ez direla sendatuko, edo beste poeta batek esan bezala nolabaiteko ukendu izan daitezen».
Txomin Peillenen testuen bilduma -“Saiakera hautatuak” izenekoa- aurkeztera hurbildu zen Joseba Sarrionandia Sarara, eta aurkezpen aretoa bete-bete egin zuen. “Erroma eta Jerusalem” agertu zigun Jabier Kaltzakortak, eta Jean-Baptiste Coyosek “Junes Casenave-Harigile-Zortzi pastoral berri II”. Ezinezkoa gertatzen zaigu aurkezpen guztien berri ematea hemen, egitarau oparoa eratu baitzuten antolatzaileek, eta eguerdirako 500 sarrera salduak zituztela-eta kontent ageri ziren, iazko urteko kopurua gainditu ondoan arratsaldeko orduetan.
MEMORIA ARIKETAK
Liburuen postuetara bisita, eta hantxe aurkitu genuen Franck Dolosor: «Gernika Batailoia eta bere gudariak ohoratzera nator Sarara. Duela hamar urte dokumental bat egin genuen bi gudarirekin, eta geroztik, bertze birekin mintzatzeko eta haiek mintzarazteko parada izan dut. Inoiz argitaratu gabeko argazkiak eta dokumentuak bildu ondotik, liburu bat lantzeko aski material neukala ohartu nintzen, dokumentalak ezin zuena liburuak lortzen ahal zuela pentsatuta, testuinguruan sakonduz. Gernika Batailoiak aniztasuna erakusten du, eta gure herriaren historian biziki gutitan gertatu da denak batera aritzea zerbait edo norbaiten aurka, askatasunaren eta demokraziaren alde; hori hedatzeak merezi zuela sinistuta aritu naiz».
Garai bertsua baina protagonista bakar bat du ardatz Joritz Larraza urruñarraren itzulpen lanak: «Joseba Elosegiren egunkaria itzuli dut frantsesera. Kolpez eten zen Josebak idazten zuen egunkari hura, 1970eko irailaren 18an, Anoetako frontoian Franco diktadorearen aitzinean su eman ziolako bere buruari. Gerra sufritua zuen, eta frankisten kontra aritu zen, ihes egin zuen Iparraldera, Saran bizi izan zen, eta alemanen kontra erresistentzian aritu. Gernikako sua eraman nahi izan zuen Francorengana, eta bizirik atera zen, hala ere. Gero presondegira eraman zuten, handik atera eta senatari bilakatu zen, Madrilen bere batailoiaren ikurrina atzeman zuen trofeo gisa erakusten zuela Armadak eta hura ebatsi eta bere kapitaina izan zenari itzuli zion… Arras interesgarria iruditzen zait bere bizitza, hunkitu egin nau eta transmisiorako tresna gisa egin dut itzulpen hau».
Euskal ikasketetan eta historian doktore Argitxu Camus ere liburu postuen artean zen: «Guretzako hitzordu inportantea da biltzarra, euskarazko liburuak hor baitira; zentzu horretan eskaintza geroz eta zabalagoa da, eta lagunen ikusteko parada ezin hobea eskaintzen digu, gainera». Euskal diaspora ikertzen urte luzeak eman ditu Onizepeko doktoreak: «Tesiaren barne ikertu nuen euskaldunak nola antolatu ziren Argentinan eta AEBn; geroago sakontzen joan naizen gaia da diasporarena, elkarte horien inguruan zer nolako nortasuna sortu zuten eta baita horien bilakaera ere. Badira urte batzuk harat joan zirenen gutunetan zentratzen naizela, idatzi horiek bildu, aztertu, sailkatu eta informazio berriak ukaiteko». Lan horretan sakontzen ari den galdeturik, «orain pausatzen ari» dela dio, ekainaren lehenean lan berri bati ekiteko. Duela guti eman zen jakitera Terexa Lekunberriren postua hartuko duela Argitxu Camusek, Ortzaizeko antropologoak ondare sailburu gisa lan eskerga egin ondotik erretreta hartuko baitu Euskal Kultur Erakundean.
“Mesfida zaitez” eleberria esku artean zuen Bea Salaberri Donamartiriko idazleak. Baionara ikastera doan emazte baten militantzia du ardatz liburuak: «Memoria historikoari buruzko lan bat proposatzen du liburuak. Irakurle batzuk gurutzatu ditut hemen, urtebete egin baitu eleberriak argitara eman genuenetik eta horrek garrantzi handia du niretzat; haien iritzia jakitea gibelapenarekin biziki interesgarria zait. Bestetik, idazleok gure burua plazan ager dezakegu Saran, gure artean mintzatu eta besteen lanaz ezagupena izan».
Kepa Anabitarte zendu berriari buruzko liburua aurkeztu zuen Eneko Bidegainek arratsaldean. Jendetza zebilen postuetan, baita kanpoan ere Pontx pailazoaren emanaldian. Eric Dicharra, “Deus” biniloa aurkezten, poesia eta musika, eskaintza bereziek biltzarrean tokia dutela agertuz. Dena, heldu den urteko egunaren bezpera gisa.

Alzórriz ve a Cerdán indefendible en la intervención más difícil de su vida

Misiles alcanzan Tel Aviv tras el ataque israelí a la cúpula militar iraní

«La muerte de Fatma y su familia fue claramente un asesinato selectivo»

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!
