Adingabeei arreta emateko zerbitzuak 2.197 dei jaso zituen iaz
Nerea Melgosa Lakuako sailburuak atzo azaldu zuenez, Zeuk Esan telefono zerbitzuak 2.197 dei jaso zituen 2024an, aurreko urtean baino 572 gehiago. Kontsulten herenak antsietateak, depresioak edo tristurak sortutako ondoez psikologikoagatik izan ziren.

Lakuako Gobernuak haur eta gazteei arreta emateko daukan Zeuk Esan telefono zerbitzuak iaz jasotako kontsulten %39 antsietate, depresio, tristura edo hitz egiteko beharraren ondoriozko ondoez psikologikoak eragindakoak izan ziren.
Beste %14k berdinen arteko jazarpenarekin zerikusia zuten, hala nola irainekin, indarkeria fisikoarekin edo isolamenduarekin, eta guztira 145 deik familia harremanetan zuten jatorria (gurasoek maite ez dutela sentitzea, komunikaziorik eza edo gurasoen banantze prozesuak). Kontsulten ehuneko txikienak sexualitateari buruzko zalantzei edo kezkei buruzkoak izan ziren (81 kasu), baita genero indarkeriako salaketei buruzkoak ere (12 kasu).
Datu horiek Zeuk Esan programaren 2024. urteko txostenean jasota daude. Nerea Melgosa Lakuako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak aurkeztu zuen txosten hori atzo, Bilbon. Azaldu zuenez, iaz 2.197 kontsulta izan ziren (aurreko urtean baino 572 gehiago) eta 1.345 pertsona (aurreko urtean baino 97 gehiago) jarri ziren harremanetan zerbitzuarekin.
«Adingabeen eta nerabeen aurkako indarkeria giza eskubideen aurkako indarkeria da. Gure gizarteko talderik babesgabeenetako baten aurkako eraso zuzena da: haurrak. Indarkeria mota horrek, gainera, pertsona errugabeen bizi-proiektuak higatu, arindu eta hausten ditu», azpimarratu zuen Melgosa sailburuak.
NERABEAK ETA GURASOAK
2.197 kontsultetatik 1.290 adingabeek egin zituzten, eta 907, helduek; izan ere, duela hamabost urte sortutako zerbitzu horrek laguntza eskaintzen die adingabeei, gurasoei, senideei eta profesionalei, haur edo nerabeekiko babesgabetasun egoerak detektatzen badituzte.
Zeuk Esan zerbitzura deitu zuten adingabeen artean %62k 16-17 urte zituzten; %30ek, 12-15 urte; eta %8k, 12 urte baino gutxiago. Sexuari dagokionez, %59 neskak izan ziren; %40, mutilak, eta gainerako %1a ez zen identifikatu. Adingabe gehienak (%95) telefonoz jarri ziren harremanetan zerbitzu horrekin, baina iaz lehen aldiz sare sozialen bidez ere kontsultak jaso zirela gaineratu zuen Melgosak. Helduek, berriz, telefonoz (%90) eta posta elektronikoz (%10) hitz egin zuten. Sailburuak aipatu zuen dei kopuruak gora egin duela hein handi batean Zeuk Esan gero eta ezagunagoa delako; «haurrak, 2024an onartutako Euskadiko Haurren Legeak dioen bezala, eskubideen subjektu aktiboak dira, eta beharrezko arreta jasotzeko telefono bat kentzea horren guztiaren konstantzia da» adierazi zuen Melgosak.
Zeuk Esan zazpi profesionalek zaintzen dute 24 orduz, urteko 365 egunetan, 11611 telefonoan. Kepa Torrealdea arduradunak azpimarratu zuen ez dela aurretiko hitzordurik behar, anonimoa eta doakoa dela, eta behar den guztietan dei daitekeela. «Askotan hitz egitea besterik ez dute behar, ez baitute inor inguruan, sentitzen dutena adierazteko», esan zuen.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
