Arnaitz GORRITI - Martxelo DIAZ
SASKIBALOIA

Bilbao Basket, azken euskal taldea Europan txapeldun

Aurrez Baskonia, Bidasoa, Itxako, San Antonio, Itxako, Bidaideak eta Biarritz Olympiquek lortu zuten halako lorpenik. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak harrera egingo diete gaur beltzezko gizonei.

Bilbao Basketeko lagunak, pozarren FIBA Europe Cupeko txapeldun.
Bilbao Basketeko lagunak, pozarren FIBA Europe Cupeko txapeldun. (Konstantinos TSAKALIDIS | AFP PHOTO)

Surne Bilbao Basket da Europako txapelketa baten garaipena lortzen duen zazpigarren euskal taldea, PAOK Salonika gainditu eta gero. Aurrez Euskal Herri osoko sei taldek lortu zuten aipatu balentria; birritan Bidasoak eta hiru aldiz Portland San Antoniok, eskubaloia izan baita orain arte kirolik oparoena Euskal Herriko kirolarentzat Eueropa mailan.

Saririk handiena Juantxo Villarreal mitikoak zuzenduriko Bidasoarena da, 1994/95 denboraldian Europako Kopa irabazi baitzuen Badel Zagreb Kroaziako taldea finalean gainditu eta gero. Ostera, 1996/97 sasoian Fotx Veszprem talde hungariarrari gailenduta Errekopako txapeldun izan ziren irundarrak.

Zupo Ekisoianen eskutik, berriz, San Antoniok hiru Europako titulu eraman zituen: 1999/2000 eta 2003/04 denboraldietako Errekopak -Dunaferr eta Valladoliden aurka, hurrenez hurren- eta 2000. urteko Europako Superkopa, Iruñean bertan Bartzelona gainditu eta gero. Nafarroatik atera gabe, Itxakok EHF Kopa irabazi zuen 2008/09 denboraldian, Lepizig taldea mendean hartuta. Ostera, 2010/11 denboraldiko Europako Txapeldunen Ligako finala hatz puntekin ukitu arren, ez zuen irabazi Larvik taldearen aurka. Lizarrako taldea izan da emakumezko euskal talde bakarra orain arte Europan gailentzen.

Euskal Saskibaloiak badu zeozer PAOK Salonikarekin. Asteazkenean FIBA Europe Cup delakoa eraman bazuen Bilbao Basketek, Errekopa eskuratu zuen Saski Baskoniak talde honen beronen aurka 1996ko martxoaren 12an. Errekopako aurreko bi finalak galdu ostean, hirugarrenean ez zuten barkatu gasteiztarrek. Harrezkero Euroliga birritan irabazteko zorian izan dira, baina Kinder Bolonia eta Maccabi gailendu zitzaizkien 2001 eta 2005ean, hurrenez hurren.

Aldiz, Bidaideak Bilbao BSR Besiktasen aurka nagusi izan zen 2019ko Euroleagueko finalean. Azken bi urteetan, berriz, bilbotarrek bigarren postuan amaitu dute.

Errugbian, Biarritz Olympique taldeko «galaktikoak» txapeldunordeak izan ziren Heineken Kopan XXI. Mendeko aurreneko hamarkadan, baina 2011/12 denboraldian lapurtarrek Toulon mendean hartu zuten Twickenham estadioan European Challenge delakoaren finalean.

GORA ETA BEHERA

Ostegun goizaldeko ordu txikietan hartu zuen lur Surne Bilbao basketen espedizioko hegaldiak Forondako aireportuan, eta handik Bilbora autobusez bidaia eginda amaitu zen beltzezko gizonek Salonikan burutu duten irteera arrakastatsua.

Igande arratsaldeko 17.00etan jokatuko du Surne Bilbao Basketek bere hurrengo dema, Bilbon bere garaian aritu ziren Ludde Hakanson antolatzailea eta Sito Alonso entrenatzailearen UCAM Murtziaren kontra. Horren aurretik gaur arratsaldean egingo zaio omenaldi instituzionala talde bizkaitarrari: 18.00etan Bilboko udaletxean eta 19.00ak aldera, Bizkaiko Foru Aldundian.

Hasteko, Juan Mari Aburto alkatea buru duen Bilboko udalbatzak omenaldia eskainiko dio talde bilbotarrari udaletxean eta bertoko balkoira aterako dira jokalari, teknikari eta bestelako kideak bilbotarrekin arrakasta hau erdibanatzeko.

Ez dute denbora larregirik izango, nolanahi ere. Saio honetarako preseski kapotarik gabeko autobus baten egingo dute udaletxetik Aldundirako bidea beltzezko gizonek. Foru jauregira iristen direnean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta gainerako ordezkariekin ekitaldia egingo dute. Azkenik, jokalariek eraikin horretako balkoitik agurtuko dituzte bertaratzen diren zaleak.

Surne Bilbao Basket taldetik dei egin diete Bilboko eta Bizkaiko zaleei eta herritar guztiei «gure kirolarentzat mugarri historikoa» den ospakizunean klubarekin egoteko.