Mikel Gardoki gogoratu eta egia aldarrikatu du Egiari Zorrek
Mikel Gardoki Azpiroz zuen izena, 25 urte besterik ez. Andoainen jaio eta Donostiako Ategorrieta auzoan bizi zen. Duela 50 urte Espainiako Poliziak tiroz hil zuen. Kale bati haren izena jarriz oroitzea eragotzi zuten gero. Egiari Zorrek gogora ekarri du larunbat honetan.

Mikel Gardoki bizi zen auzoan gogoratu zuten atzo, Ategorrietan. Andoainen jaio zen 1949an, eta hil, Astigarragako Ergobian hil zuen Polizia espainolak, tiroz.
Bertsio ofizialak ETAren aurkako operazioa zela zabaldu zuen. Gardokik propaganda politikoa zeraman autoan, hori besterik ez. Lekukoek esan zutenez, ihes egiteari ekin zioten Gardokik eta berarekin zihoan Juan Migel Goiburu “Goiherri”-k, eta orduan akabatu zuten poliziakideek lehena eta zauritu bigarrena, errukirik gabe.
Goiburuk berak hitza hartu zuen Ategorrietako frontoian eginiko ekitaldian. Polizia haien atzetik omen zebilen, aurretik horren susmorik ez zuten arren. Egun haietan Hernanira propaganda eraman zutela gogoratu du, Maiatzaren Lehenaren testuinguruan. Poliziak geldiarazi egin zituen Ergobian: «Korrika hasi ginen eta tiroka josi gintuzten, Mikel Gardoki batez ere. Han bertan hil zen. Nik zorte handia izan nuen, tiro bat bakarra jaso bainuen, besoan». Han 22 edo 23 poliziakide zirela azaldu zuen Goiburuk; horiek horrela, agerian gelditzen da atxilotzeko aukera bazegoela, baina tiroka hastea erabakita zuten. Goiburu espetxeratu egin zuten.
Egiari Zorren izenean, Ane Muguruzak parte hartu zuen ekitaldian. Fundazioak nabarmentzen zuenez, «mende erdia pasatu bada ere, kasu hau argitu lezakeen dokumentazioak Sekretu Ofizialen legepean blindatuta jarraitzen du. Bertsio ofizialen kutxa iluna ireki beharra dago, Sekretu Ofizialen Legea indargabetu behar da. Egia jakiteko dugun eskubidea ezinbestez ahalbidetu behar zaigu».
EH Bilduko zenbait ordezkari ere agertu ziren ekitaldira, dozenaka herritarrekin batera. «Bertsio ofizialak Ergobian gertatu zena ezkutatzen segitzen du. Bada garaia egia, justizia eta erreparaziorako», nabarmendu zuen ezkerreko indar abertzaleak.
KALEAREN IZENA ERE DEBEKATURIK, 33 URTE IGAROTA
Urte berezia izan zen 1975. hura. Eta ez soilik zazpi hilabete geroago Franco diktadorea ohean hil zelako, baizik eta Estatu terrorismoak gogor jo zuelako, Iñaki Egaña historialariak GARAn argitaratutako artikulu batean jaso zuenez.
Gardokiren hilketa ikertu eta zigortu gabe gelditu zen, jakina. Eta haren memoria ere jazarria izan zen gero, 33 urte igarota. Izan ere, 1979an haren izen-abizenak Ategorrietan pilotalekuaren ondoan abiatzen den kaleari eman zizkion Donostiako Udalak, eta horrela iraun zuen 2008ra arte.
Urte horretan izena aldatzeko agindua eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, Gardoki ETAko kidea zela argudiatuz. Odon Elorza alkate zela, epai horren aurka egin zuen Donostiako Udalak, militantzia hori ez zegoela ofizialki frogatuta salatuz, baina erabakia berretsi egin zuten auzitegi espainolek. Gaur Bordatxipi da Uliara igotzen den kale horren izena, baina Mikel Gardokiren memoria bizi-bizirik dago Ategorrietan, ekitaldiak erakutsi bezala.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
