Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SINNERS

Gangsterrak, banpiroak eta blues musika

Gangsterrak, banpiroak eta blues musika; horiek dira “Sinners” (“Los pecadores”) filmaren hiru osagai nagusiak; urtea hasi denetik ustekaberik handiena.

1930eko hamarkadan girotuta dago istorioa. Beren bizitza problematikoak atzean utzi nahian, bi anaia biki (Michael B. Jordan) jaioterrira itzuliko dira zerotik hasteko asmo betez. Blues musikako emanaldiak eskaintzen dituen gaueko klub bat irekitzea dute helburu, baina berehala mehatxu bati egin beharko diote aurre. Kontakizuna sinbolismoz eta gizarte-kritikaz betetako narratiban murgilduko da.

Filmak, banpiroen mitoa metafora gisa erabiltzen du kultura-jabetzeaz, arrazakeriaz, tradizioaz, sinesmenaz eta bereziki pertsonaiek musikarekiko duten funtsezko loturaz mintzatzeko. Gai horiei indarra emateko Cooglere-k maisuki uztartzen ditu hegoaldeko drama historikoa, “folk horror”-a eta musikala generoak.

Alor teknikoa aparta da. Autumn Durald-en argazkilaritza lanak hegoaldeko edertasun naturala istorio zapaltzailearekin alderatzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da.

Soinu bandak eta, oro har, musikak, aipamena merezi du. Musika munduen arteko zubi gisa irudikatzen da filmean eta funtsezko eginkizuna betetzen du atmosferaren eraikuntzan eta pertsonaien garapenean; batez ere, bluesak. Une musikalak gozamen hutsa dira; garai desberdinak gurutzatzen dituen klubeko sekuentzia, esaterako, zoragarria da.

Aktore guztien lana oso ona da, baina ez da inor bereziki nabarmentzen; une musikaletako eszenetan salbu, antzezpen lana ez da filmeko alderdirik deigarriena.

Amaiera gazi-gozo baina indartsua du filmak; gehiegikeriaz eta odolez betetako katarsia, anarkikoa bezain dibertigarria, eta argi uzten du munstro guztiek ez dituztela letaginak.