Jon GARMENDIA
Idazlea

Makinita

Ez dakit irabazteko ala galtzeko, denboraz ari naiz, baina Marcel Prousten “À la recherche du temps perdu” irakurtzen hasi naiz, Denbora galduaren bila. Hau omen da munduko libururik luzeena, Guinness errekorra duela jakin nuen hor nonbait, aspaldi. Ez diot makinitari galdetu, gaur egun dena galdetzen diogula, «hortzak garbitzeko pasta onena zein den ere bai» erran du Mikelenbordan hamaiketakoa egiten ari den ehiztariz jantzitako gizon batek, beste batek «laster ea hortzak garbitu ditugun galdetuko diogula» erantzun dion bitartean. Makinita erabili dute hitz gisa, eta grazia egin dit, adimen artifizialeko aplikazioez ari direla pentsatu baitut. Hurbiletik, adi jarraitu dut haien elkarrizketa; «tripa betetzen ari direnak entzunda gure burua betetzen dugula» aipatzen zuen gure aita zenak askotan, herri txikietako ostatuak maite zituen hark, odolki, salda eta txorizo egosi usaina zuten ohol zaharreko kontuarrak, apustu zelebre eta eztabaida zelebreagoko tabernak; uste dut joandako garai bat, pasatzen ari zen epoka bat atzaparrekin eusteko modu bat zela hori beretzat. Halako batean «zakurrak altxatutako galeperrak dirudigula» entzun diot bati, eta esamolde ederra iruditu zait, metafora bitxi bat, besteek jotako trikitiaren aurrean guk panderoa jotzen dugula, adibidez, besteen esanetara gabiltzala, alegia. Eta denbora galtzeko modurik baldin badago, bat hauxe da.