Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SUJO

Narratiba boteretsua eta zuzendaritza arretatsua

Mexikoko herri txiki batean karteleko kide bat erail dute. Sujo, haren lau urteko semea, umezurtz eta arriskuan geratu da. Heriotzatik salbatuko duen izebaren laguntzarekin, Sujo landan haziko da, narkotrafikoaren amaraunetik ihesi. Zoritxarra, pobrezia eta etengabeko arriskuak saihestu beharko ditu.

Istorioa coming of age estiloan eta atalka egituratuta dago, eta indarkeriaren itzalean hazten den gaztearen istorioa azaltzen du, Mexikoko Tierra Caliente eskualdeko giro ilun eta mehatxatzailean.

Zuzendariek kontakizun patxadatsua erabiltzen dute Sujoren bizitza erretratatzeko. Elementu sinpleak edo arruntak oinarri dituen atmosfera intentsu eta iradokitzailean, narratiba aberats eta liluragarria txertatu dute. Horri esker, sakon murgildu daiteke protagonistaren eta haren ingurunearen esperientzian.

Sujoren istorioaren bitartez, testuinguru bortitzetan bizi diren gazteek itxaropena nola aurkitu eta bestelako bizitza bat nola eraiki dezaketen aztertzen dute.

Filma testuinguru latz batean girotzen den arren, erakutsi baino gehiago iradokitzeko apustua egiten du. Oso sotila da. Narratiboki eta formalki ihes egiten du basakeriaren normalizaziotik eta idealizaziotik.

Kamera Sujoren ikuspegian kokatuta dagoenez, zenbait unetan -autoaren eszenan adibidez- biolentzia dagoen arren, ez da esplizituki agertzen. Oinordetzan jasotako indarkeriatik ihes egiteko eta bestelako etorkizun bat bilatzeko borrokari buruzko begirada poetiko, sakon eta hunkigarria da. Narratiba boteretsua eta zuzendaritza arretatsua uztartzen dituen lan zinematografiko oso nabarmena.