Antton Valverde konpositore eta kantariak jasoko du 2025eko Adarra Saria
Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren eskutik, Antton Valverde musikagile, pianista eta abeslari donostiarrak jasoko du 2025eko Adarra Saria. Ekitaldia ekainaren 21ean egingo da Victoria Eugenia Antzokian. Saritua zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

«Aitortu behar dut kantagintzarekin zor handia daukadala. Kantagintzak eman dit Euskal Herria goitik behera ezagutzeko aukera. Eta batez ere jende asko ezagutu dut, lagun asko egin ditut, eta horrekin harro nago. Zerrenda egiten hasiko banintz, ez genuke momentu batean bukatuko. Denentzat nire esker ona, eta gaur, bereziki, sari hau ematea erabaki duten Donostia Kulturako arduradunentzat». Hauek dira Antton Valverdek egindako adierazpenak, sariaren berri izan ondoren. Musikagile eta kantari donostiarrak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko agertokian jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia alkatearen eskutik.
Jarraian kontzertua eskainiko du Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariak ondoan dituela.
Kontzerturako sarrerak salgai jarriko dira gaur bertan, 11.30ean, 20 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webgunean.
Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako Epaimahaiak 2025eko Adarra Saria Antton Valverderi ematea erabaki du.
Valverdek euskal kantagintzan izandako eragina nabarmendu du epaimahaiak, aintzat hartuta artistak zer nolako eragina izan duen «herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik, estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz».
Valverdek bere belaunaldiko abeslari gehienekin kolaboratu du, eta bereziki Ez dok amairu eta Oskarbiko kideekin. Guztien artean Xabier Lete nabarmentzen da. Berarentzat poemak musikatu zituen, baita Lauaxeta, Lizardi, Gandiagaren testuak ere.
GARAri 2020an eskainitako elkarrizketan bere ibilbidea eta Xabier Leterekin izandako harremana eta lankidetza aletu zituen. «Letek irakaspenen bat utzi bazuen, aurrena aditza da, letratik musika sortzen dela eta berak ezartzen duela jarraibidea. Batzuen konposatzeko modu horrek, musikarekin trostan dabiltzanak eta gero hitzak egokitzen zaizkionak... ni ez nau konbentzitzen. Dena ez da testua, noski. Zure bizitzako zein etapatan zauden eta une horretan entzuten duzun musikaren arabera ere aldatzen da baten musika. Baina hitzak abiapuntua izan behar du», esan zuen Antton Valverdek.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
