BURU OSASUNA ETA KIROLA ESKUTIK DOAZ... BAINA IKUS DEZAGUN NOLA
Jarduera fisikoa eta kirola ez dira beti gauza bera, eta, osasun fisikoak bezala, buru osasunak ere garrantzia eskerga dauka gizabanakoaren ongizatean. Neurria, geure burua ezagutzen joatea eta jarduera fisikoa egin «beharretik», «obsesiotik» urruntzea proposatu ditu Aritz Olagoi psikologoak NAIZ Irratian.

Ariketa fisikoa eta buru osasun egokia mintzagai izan ditu Aritz Olagoi jarduera fisikoan eta kirol ariketan espezializatutako psikologoak NAIZ Irratian eskaini duen elkarrizketan. «Garrantzia gero eta handiagoa hartzen ari den kontzeptua da», dio. «Osasun Mundu Erakundearen arabera, buru osasuna da pertsona batek bere gaitasunak garatzeko, estresari aurre egiteko, produktiboki lan egiteko eta bere komunitatean ekarpen positiboa duen egoera». Ondorioz, ez da bakarrik «buru gaixotasunik ez edukitzea», baizik eta osasuntsu izatea «ongizate sozial, emozional eta kognitiboan» eta buru gaixotasunik ez dagoen kasuetan ere buruz «ez osasuntsu» egoterik badagoela.
«Bizitzako edozein aspekturen aurrean jarrera gogotsua eta kementsua aditzera ematen du buru osasunak», adierazi du. Era berean, «kirola» eta «jarduera fisikoa» ezberdintzen ditu Olagoik. «Bata “arau batzuen pean antolatzen den jarduera fisikoa” litzateke, eta jarduera fiskoa, berriz, “gorputzaren edozein mugimendu”: korrika egitea, paseo bat ematea... Gorputzaren energia eskatzen duen zernahi».
Ebidentzia zientifiko nahikoa dago norbanakoarentzat jarduera fisikoa onuragarria dela esateko, baita osasun mentalaren aldetik begiratuta ere. Baina ez hori bakarrik, baizik eta buru gaixotasuna murriztu eta buru gaixotasuna prebenitzeko ere duen garrantzia adieraztean ebidentzia gero eta gehiago dago.
«Jarduera fisikoak estresa murrizten du, gogo aldartea ere hobetzen laguntzen du; jarduera fisikoak antsietatearen eta depresioaren sintomak gutxitzen laguntzen du», esan du Olagoik, baina era berean ñabardura bat azpimarratu nahi izan du: «Horrek ez du esan nahi ariketa fisikoa eginez gero ez dela depresiorik edo antsietaterik izango. Botikak dauden bezala, lagungarria izan liteke buru osasuna hobetzeko eta zenbait kasutan gaixotasun hauek arintzeko». Baita ere, ariketa fisikoaren izaera sozialak, «dela bakarrik edo taldean egiteak, konpainia aproposarekin ahal dela, horrek ere eragin osasuntsuan lagun» dezakeela dio.
PLAZERA, KIROLAREN GAINETIK
Astean bi ordu eta erditik zazpi ordu eta erdira bitarteko jarduera fisikoa proposatzen dute azken ikerketek. «Kontua ez da jarduera fisiko intentsoa izatea», dio Olagoik. «Bakoitzak bere neurrian eta bere erritmoan eta ekintza ezberdinak uztartuz». Adinean aurrera egin hala, tarteka «indar ariketak sartzen hastea» aholkatu du: «Garrantzitsua da norbera konturatzea noraino egin dezakeen, eta konbinazio horrek lagunduko digu urteak modu osasuntsuagoan betetzen eta gainbehera fisikoa atzeratzen».
Jarduera fisikoak ere neurrian behar duela nabarmendu du. «Ez da ona edozein kopurutan, batez ere handia bada, kirola edo jarduera fisikoa egitea. Neurrian bada, egokia dela esan genezake, baina “gainentrenamenduak” eragin negatiboak ditu: umore aldaketak, motibazio galera, nekea, errendimendu jaitsiera dakar berarekin... eta gehiago entrenatzera behartu dezakegu gure burua, irteten zaila den bukle baten sartuz», ohartarazi du.
«Jarduera moderatua “obsesiotik” urrun dago. Alde horretatik, kirol indibiduala egiten dutenek errendimenduarekin dute harremana, eta ez du zertan goi mailako kirola izan behar. Jarduerarekiko plazera obsesio bihurtzen dugularik, jarduera hori "behar" bihurtzen delarik, motxilan pilatzen diren harri bihurtzen dira, eta konturatzerako motxila harriz gainezka izan dezakegu», azaldu du.
Nekea, lo arazoak, motibazio galera, estresa... «tantaka datozen seinaleak dira, eta, antzematen ditugunerako, gure bizitzako beste zeinahi aspektu hormatzat ikus ditzakegu, eta antsietatea ere agertu daiteke. Seinalea, buru osasuna zaintzeko unea iritsi zaigula», esan du Olagoik.
Halakoetan, azpimarratu du, «buru osasunaren profesionalen eskutik, jarduera fisikoa egitearen maiztasuna moldatzen joan beharko dugu, eta atseden egunetan gure “barne borroka” baretuko duten ekintzak bilatzeari ekin beharko diogu. Norberak bilatu behar du bere lasaitasunerako lagungarria zaiona».
Gakoa egokitzen asmatzea da, eta ez da erraza. «Lagunduko eta zailduko duten faktoreak daude. Hala, antsietatea arintzeko jarduera fisiko egokiena aerobiko moderatua da: oinez ibili, igeri egin edo korrika modu leunean; praktika lasaitzaileak, tai chi, yoga eta horrelakoak... Modu lasai eta gozagarrian arituz gero, gorputzak duen estuasun hori baretzen lagunduko digute, eta faktore soziala tartean sartuko bagenu, lagungarria litzaiguke», amaitu du Olagoik.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
