Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ANDOR

«Star Wars»-en mitologia aberasten duen telesaila

Cassian Andor (Diego Luna) espioiari jarraituko dio “Andor” telesailak, Aliantza Errebeldea sortu zen urteetan. Lapur iraultzailea izatetik Inperio Galaktikoaren aurkako Matxinadarekin bat egingo duen pertsonaia izan arte.

“Star Wars”-en zaleak ez direnek ere gozatzeko moduko osagaiak topatuko dituzte telesail honetan, hasierako kapituluetatik, frankiziako gainerako produktuetatik aldentzen baita; hemen ez dago Jedi zaldunik, ez eta argi-sableen duelurik ere. Horren ordez, espioitza, errepresio eta erresistentzia istorio bat eskaintzen du.

Izarretako Gerraren mitologia aberasteaz gain, matxinadaren eta askatasunaren aldeko borrokaren giza kostuei buruzko hausnarketa sakona jorratzen du.

Istorioak lau arku narratibo ditu, bakoitza hiru atalez osatua, eta Andorren eta aliatuen bizitzako urte bat hartzen dute. Egitura honek pertsonaien bilakaera eta Inperioaren aurkako borrokan aurrez aurre jartzen dituzten erabaki zailak sakon aztertzeko aukera ematen du.

Bisualki, uztarri inperialaren pean bizitzaren gordintasuna transmititzea lortzen duen eszenatoki errealen eta ekoizpen diseinu soil baten aldeko apustua egingo dute sortzaileek. Zuzendaritzatik hasi eta argazkilaritza laneraino, elementu tekniko guztiek tentsio eta arrisku sentsazio indartuko dute.

Telesail heldua da, gatazka nagusiari aurre egiteko ez baitu sagaren beste atal batzuetan nagusi den prisma erromantiko edo abenturazalea erabiliko.

“Star Wars”, oro har, ukitu erlijiosoak eta samuraien filmen oihartzunak dituen akzioz betetako western galaktikoa dela esan daiteke. “Andor”-ek osagai horiek guztiak bildu eta gidoi sakonago eta intelektualago bat erantsi dio. Telesail oso interesgarria da.