GARA
GASTEIZ

Estatusaren eztabaida sustatuko du Gure Eskuk bilerak eginez

Indar politikoek Euskal Herriaren estatusaren inguruko eztabaida mahai gainean dutela -«EAEn, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian»-, eztabaida hori jendartean sustatu nahi du Gure Eskuk aipatutako esparru horretatik haratago ere. Horretarako, bilera sorta abiatu du mugimenduak, ELA sindikatuarekin hasita.

«Albiste ona da Euskal Herriaren estatusa indar politikoen agendan eta instituzioetan izatea, baina guk ulertzen dugu jendarte osoari dagokiola gai hori, denoi eragiten digulako eta eragile sozialek eta herritarrek ere ekarpen interesgarria egin dezaketelako», adierazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak.

Horregatik, alderdi politikoekin ez ezik, hainbat arlotako eragile sozialekin biltzen hasi da. Aste honetan ELA sindikatuarekin bilera egin du Gure Eskuk. Ekimenak segida izango du datozen asteetan.

«Horrelako prozesuak ezin dira eragile sozialen eta herritarren parte-hartzerik gabe egin», gaineratu du.

Gure Eskuk balorazio positiboa egin du ELArekin egindako bileraz. «Uste dugu adostasun zabalak daudela herri honetan burujabetza tresna gehiagoren eta hobeen eta erabakiak bertan hartu beharraren inguruan. Gure jendartearen kezkei soluzio egokiak emateko. Mundu mailako testuingurua ikusita, gainera, behar hori gero eta handiagoa dela ere partekatutako iritzia da», azaldu du bozeramaileak.

Ekainaren 7ko Bilboko mobilizazioa ere izan zuten hizpide. Erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak mobilizazio nazionalera joateko gonbita egingo die eragile guztiei.