GARA
BILBO

Osakidetzako emaginek neurriak eskatu dituzte

Egiturazko langile-falta «larria» salatzeko mobilizazioak hasi zituztenetik urtebetera, Osakidetzako emaginek konponbiderik gabe jarraitzen dutela ohartarazi du Satse sindikatuak.

Osakidetzako emaginen mobilizazio baten artxiboko irudia.
Osakidetzako emaginen mobilizazio baten artxiboko irudia. (SATSE)

Hurrengo astelehenean, maiatzaren 5ean, Emaginaren Nazioarteko Eguna ospatzen da baina Euskal Herrian behintzat ez dago ospatzeko arrazoirik. Satse sindikatuak atzo salatu zuenez, Osakidetzan, profesional horiek denbora asko daramate «egiturazko langile-falta larria» jasaten, batez ere oporraldietan, eta horrek eragin zuzena du haien ordezkapenean eta emakumeen sexu- eta ugalketa-osasunaren arretan.

Erizainen sindikatuak gogorarazi zuenez, urtebete igaro da mobilizazioak hasi zirenetik, eta Lakuako Osasun sailburu berriak konponbideak bilatzeko konpromisoa hartu zuen arren, «hilabeteak igaro dira profesionalen eta estalduraren gabeziari benetako irtenbiderik eman gabe».

«Izan ere, Aste Santuan, ESI gehienetan kontratazioa ez da eraginkorra izan, eta profesional horiek beren artean bete behar izan dute zerbitzua, inolako konpentsaziorik gabe. Horrek esan nahi du kupoak handitu egingo direla, emakume gehiago bilduko direla, lanaldia luzatu behar duten profesionalak gehiegi kargatuko direla, zerbitzuak murriztuko direla eta itxaronaldiak luzatuko direla. Uda hurbiltzen ari da, eta Osakidetzako emaginek eta euskal emakumeek iazko egoera berari egin behar diote aurre», azaldu zuen Satsek.

Konponbiderik ez jasotzeaz gain, Satsek salatu zuen emagin batzuei «mehatxu egin» dietela beren nagusiek, «egunez egun aurre egin behar dieten arazo horiek publiko egiteagatik». «Salaketek beren garapen profesionalean ondorioak izan ditzaketela jakinarazi diete, eta, hori guztiz onartezina denez, neurri egokiak hartuko ditugu», gaineratu zuen sindikatuak.

EGITURAZKO NEURRIAK

Egoera honen aurrean, Satsek dei egin zion Osakidetzari oinarrizko arazoa konponduko duten egiturazko neurriak hartzera. Bide horretan, gogorarazi zion «profesional falta duten beste osasun-kolektibo batzuei aplikatzen ari zaizkien konponbideak dituela bere esku».

«Bada garaia Osakidetzak bere eskaerei behingoz erantzuteko eta konponbideak ezartzeko, bai emaginen baldintzak hobetzeko, bai haien zainketen mende dauden emakumeen ongizatea eta osasuna bermatzeko», aldarrikatu zuen Satsek.