Olatuaren aparretik lurreratu da Iker Larrazabal, Zabalaren aurka galduta
Buruz Buruko txapelketako finalerdietan jada lekua zuela, arabarrak ez zuen bere partidarik onena jokatu atzo, Labriten. Aurrean, Javier Zabala, eraginkor, izan zuen, kanporatua izanaren amorruz ligaxkako azken partidara oldarkor iritsi zena.

Labriteko harmailetan giroa bai, baina kantxan apenas egon zen lehiakortasunik. Javier Zabala amorruz kantxaratu zen, Buruz Buruko txapelketa aho zapore onarekin bukatzeko gogotsu -iaz finalerdietara iritsi zen eta aurten, ligaxkan kanporatua izan da-. Joan den edizioan bera izan zen ezustea eta aurten txapelketan nabarmentzen ari den Iker Larrazabalen aurka askatu nahi izan zuen gordeta zeukan samin guztia.
Dario eta Jokin Altunaren aurka partida serioak egin bai, baina azkenean bi partidak galduta, aukerarik gabe iristen zen azken jardunaldira; aurrean, bestalde, atarikoan Ezkurdia kanporatu eta ligaxkako bi partidak irabazita, finalerdietan ate handitik sartu dena, Larrazabal, izan da bere biktima. Olatu aparretik lurreratu du porrot honek arabarra baina, era berean, onartu zuen eskuan mina sentitu zuela eta beldur pixka batekin ere aritu zela.
«Lehen tantotik eskua txarto nabaritu dut, eta zaila da beldurrez eta minez jokatzea. Hala ere, berak [Zabalak] asko jokatu du, sakean asko jo du eta hor egon da gakoa», aitortu zuen Amurriokoak. Partida, hain zuzen, berak sakez egindako tanto batekin estreinatu zen, zabalean ezustean hartuta. Trukatu zituzten zenbait kolpe, baina kantxan lasaiago sumatzen zitzaion errioxarrari. Hala, lehen takada lortu zuen, 8-1eko partziala ezarri eta Larrazabal etenaldia eskatzera behartzeraino (9-3). «Gaur gaurkoa», esaten zion Baikoko aurrelariari bere botilero Koldo Iriartek, partidan zentratzeko aholkatuz.
Zabalak intentzioz jokatu zuen, pilotakada bakoitza ongi aztertuta. Hankak kantxan zituen eta aurreko bi porrotetan pilatutako amorrua izan zen bere motorra: «Buruaren kontrola edukitzen saiatzen nintzen, baina aurreko partidekin akordatzen nintzen, amorruz. Garaipena gertu izan nuen partida haietan eta gaurkoa ikusita, kantxan gustura nengoela erreparatuta, amorrua sentitzen dut beste puntu bat ez edukitzearren».
KONTROL OSOA
Erabat menderatu zuen norgehiagoka errioxarrak, Larrazabal dantzan erabilita, alde batetik bestera. Partidako estatistikek ere ikuspegi argigarria eskaintzen dute: 10 tanto egin zituen errioxarrak eta hiru galdutako soilik (horietako bat, sakez egindako falta). Partida bera ez gogortzearen presaz ere sumatu zitzaion Larrazabali (lau egindako eta 12 galdutakorekin bukatu zuen partida) eta hori aurkariaren mesederako izan zen, oso joko oldarkorra baitauka Zabalak. Hala, Baikokoak behartuta eskatutako etenalditik, beste 10-1eko partziala ezarri zuen Aspekoak (18-4) eta partida bideratuta utzi zuen.
Labriten bildutako ikusleak saiatu ziren Iker Larrazabal hauspotzen -bere aldeko kantuekin eta tantoa egiten zuen bakoitzean asko txalotuz-, partida estutu nahian eta ikuskizun gosez. Izan zuen susperraldia arabarrak (0-3ko takada batekin, Zabalak gora botatako pilotakada baten ostean), baina erabat behartuta jokatu zituen azken tantoak: eroritako pilotakada bat, gora botatako beste bat, txapara bidalitako errematea... Azkenean, beste sake erresto bikain batekin, Javier Zabalak ongi itxi zuen partida.
FINALERDIAK
Multzo bakoitzetik finalerdietara sailkatutako pilotari bana ezagutzen dugu momentuz. A multzoan, Larrazabal eta B multzoan, Laso. Bi hauek ezagutzeke daude aurkari zein izango duten finalerako bidean. Gaur arratsaldean hil ala biziko partida jokatuko dute Jokin Altunak eta Dario Gomezek, Bilbon. Kale edo bale, irabazten duenak egingo du aurrera eta Unai Laso izango du aurkari finalerdietan.
Iñaki Artola edo Peio Etxeberria, hurrengo astean irabazten duena, izango da, bestalde, Larrazabalen aurkaria. Honekin, argi dagoen gauza bakarra da inoiz jokatu gabeko finala hartuko duela Bizkaia pilotalekuak, aipaturiko hiru pilotari hauek ez baitute sekula maila goreneko Buruz Buruko finalik jokatu. Gatza eta piperra egongo da partida hauetan.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
