Surflari ernegatua

Berriz ere bueltan

Bueltan naiz. Aitortu behar dut, urtetik urtera gero eta gogo gutxiagorekin, eta ernegatuago. Iritzi zutabe hau idazten jarraitu eta nire purrustekin lasaitu ahal izateko, ondoko artikuluak idazten jarraitu beharko dut, eta gero eta gehiago kostatzen zait. Ez dut erreleborik aurkitzen. Nik behintzat ez dut euskaraz surfaren inguruko gaiei buruz astero idazteko prest dagoen beste inor ezagutzen. Beraz, irakurleak nire lekua hartzeko prest dagoen norbait ezagutzen badu, jakinaraz diezadala, mesedez.

World Surf League (WSL, ingelesezko siglak) erakundeak enegarren aldiz iragarri dituen sakoneko aldaketen inguruan hitz egin nezake, edota Euskal Herriko Surf Federazioan (EHSF) ia ezkutuan egin dituzten hauteskundeez -Irune Agirreren hautagaitza nagusitu zen, apirilaren 10ean, Getxon, egindako bozketan-, edo Angelun aurten egingo ez den Europako txapelketaz, edo surf munduan diren elkarte gutxiak desagertzera eramaten ari den eredu pribatuaz, edo uraren kalitateaz, edota surf munduan israeldarrek duten babesaz, edo dena delakoaz, eta guzti horretaz idatziko dut hurrengo hilabeteetan, baina behin eta berriz errepikatzen naizen sentsazioa daukat.

Nire buruaz ere hitz egin nezake, zutabe honetan plazaratu ditudan zenbait zati baliatuz argitaratu dudan liburuaz, edo surfaren beste ikuspegi bat azaltzeko egiten dudan saiakeraz. Baina gaizki ikusia dago, norberak bere buruaz hitz egitea harrokeria omen delako.

Orduan, zergatik jarraitzen dut hemen? Zergatik jarraitzen dut surfaz idazten, eta, ustez, surflariei hitz egiten? Bada, batetik, surfaren beste ikuspegi bat ematea eta surfaz euskaraz idaztea garrantzitsua dela uste dudalako, eta horretan nire hondar aletxoa jar dezaket. Baina, batez ere, komunikabide burujabeak indartu behar diren garaiak direla uste dudalako. Artikulu hauek idazteagatik ematen didaten dirua NAIZeko harpidetza ordaintzen xahutzen dut, eta, hala ere, gustura egiten dut, egin behar dudana egiten ari naizela uste dudalako. Ekintza militantea da, irakurleak zutabe hau irakurtzeko egiten duen hautua bezalakoxea.