GARA
BEHOBIA - DONOSTIA 2025

Korrikalarien %50 izatera irits daitezen, dei berezia emakumeei

Atzoko aurkezpen ekitaldian, Fortuna Klubak, Lakuak eta Donostiako Udalak BSS 50/50/25 proiektua ere azaleratu zuten, duela zazpi urte martxan jarri zen egitasmoa, «egin dezagun posible» lelopean. Iaz parte-hartzaileen %31,5 emakumeak izan ziren.

Behobia-Donostiaren 60. ekitaldia eta BSS 50/50/25 proiektuaren aurkezpena.
Behobia-Donostiaren 60. ekitaldia eta BSS 50/50/25 proiektuaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Atzo egin zuten 60. Behobia-Donostia lasterketarako izen-emate orokorraren eta BSS 50/50/25 proiektuaren inguruko aurkezpena Donostiako udaletxean. Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Iñigo Etxeberria Behobia-Donostia lasterketaren koordinatzaileak gidatu zuten ekitaldia.

Duela zazpi urte, Behobia-Donostia lasterketak erronka handi bat ezarri zuen: BSS 50/50/25 proiektua. Konpromiso bat hartu zen genero berdintasunaren alde: 2025ean lasterketako partaideen erdiak emakumeak izan zitezen. Iaz lasterketa honek emakumeen inoizko parte-hartze handiena izan zuen: %31,5ekoa. Baina urrunago iritsi nahi dute.

Aurten, izena emateko epe orokorra bihar bertan, hilaren 7an, zabalduko da, eta Fortuna Klubak, Lakuarekin eta Donostiako Udalarekin batera, deialdi berezia egin zien atzoko aurkezpenean emakumeei aurtengo lasterketan parte har dezaten eta 2025. urterako ezarritako %50eko helburuzko mugarri parekide horretara gerturatzeko, “Egin dezagun posible” lelopean.

«BELAUNALDI BERRI BAT»

Bengoetxearen hitzetan, «kirola gizarte eraldaketarako tresna delako BSS 50/50/25 proiektua horren isla» da. «Proiektu honek badu zerbait berezia: gizartetik sortu da, gizartearentzat. Erakundeon lana proiektu hauek laguntzea eta bultzatzea da. Horregatik, gaur, emakumeak animatzen ditugu pauso bat aurrera eman eta proiektu honen azken kilometroetara batzera. Baina, aldaketa sozial honek ez du mugarik. Bidea markatu dugu eta, orain, eraikitako bideari jarraipena eman behar diogu», gaineratu zuen.

Bestalde, Iñigo Etxeberria lasterketaren koordinatzailearen iritziz, gero eta emakume gazte gehiagok parte hartzen du eta horrek «poz handia» ematen die. «Lasterketan emakumeen belaunaldi berri eta indartsu bat agertu zaigu, 20-30 urte bitarteko adin tartean, eta dagoeneko %40ko partaidetza-langa gainditu dute azken edizioetan», eman zuen jakitera.

Etxeberriaren adierazpenen harira, Bengoetxeak aldaketa gertatzen ari dela azpimarratu zuen. «Egindako bidearen emaitzak ikusten ari gara. Hau azken urteetan belaunaldi berrientzat erreferente gisa jardun diren emakumeei esker da», esan zuen.

Era berean, Ibone Etxeberriak gogorarazi zuen BSS 50/50/25 proiektua aurkeztu zutenean bazekitela epea motza zela, baina horrela adierazi nahi zutela normaltasun eza. «Garbi dago mugak ez direla fisikoak, gizarte eta ohitura mailakoak baizik. Aurten, enfasi berezia jarri nahi izan dugu proiektuan, Behobia-Donostia parekide horretara iritsi ahal izateko».

Horrez gain, Biziki korrikalari taldeko koordinatzaile Susana Ruizek aurten ilusio berezia sentitzen dela azpimarratu zuen. «50/50 helburua lortzeko motibazio berezia dago aurten. Gaur egun 11 entrenamendu talde ditugu martxan Bizikin. Talde mistoak badira ere, gehienak emakumeak dira, adin eta maila guztietakoak. Saio bakoitza pertsona bakoitzaren helburuetara egokitzen dugu, eta, talde integratuak direnez, guztion arteko motibazioak aurrera egiten laguntzen du. Emakume guztiak Behobia-Donostia lasterketan izena ematera animatzen ditugu; aurten ez ezik, urtero ere egitera», adierazi zuen.

Eneko Goiak, berriz, Behobia-Donostiaren lana ere balioetsi zuen. Ez bakarrik «kirol balioen transmisore» delako, baita hiriaren ekitaldi garrantzitsuenetako batean helburu parekide hori lortzeko erreferente delako ere.