GARA
IRUÑEA

Tuterako NUPen euskara ez da meritu bezala baloratuko

NUPen Tuterako campusean sortu ziren zortzi lanpostutan ezin izango da euskara meritu bezala baloratu. Horrela erabaki dute epaileek, UGT sindikatuak paraturiko helegitea onartuta. ELArentzat «onartezina» da gaur egun egoera hau bizitzea.

Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren salaketa, artxiboko irudia.
Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren salaketa, artxiboko irudia. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Iruñeko Administrazioarekiko Auzietako 2. zenbakiko Epaitegiak onartu egin zuen UGTk Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Tuterako campusean administrazio eta zerbitzuetako zortzi lanpostu betetzeko oposizio lehiaketa batean euskararen ezagutzaren merezimenduaren balorazioaren aurkako helegitea. Epaiak prozedura atzera bota eta epaimahai kalifikatzaileak euskararen ezagutza kontuan hartu gabe balorazio berria egiteko beharra ezartzen du.

ELAren ustez, «onartezina da UPN Nafarroako Gobernutik atera eta hamar urtera euskararen egoera normalizatu ez izana. Indarrean dirau euskararen legeak eta hizkuntza zonifikazioak, eta, gainera, Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroan onartu zuen euskararen dekretuak ahalbidetzen du enplegu publikorako deialdietan ingelesa eta alemana jakitea balioestea, baina ez euskara jakitea». ELAk eta Steilasek helegitea jarri zuten dekretu horren aurka.

UGT ETA AFAPNA, NORMALIZAZIOAREN AURKA

Honekin batera, UGTk euskararen normalizazioaren aurka duen jarrera ere salatu zuen atzo ELAk ohar baten bidez. Izan ere, UGTk, Afapnarekin batera, 2019an paraturiko helegite baten ondorioz 103/2017 foru dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu ziren. Bertan eremu «mistoan» zein «ez euskaldunean» administrazioko zerbitzu zentraleko hainbat postutan euskara meritu bezala baloratzeko aukera ematen zuen. ELAren iritziz, «horrelako epaiek agerian uzten dute euskararen lege berri bat onartu beharra, Nafarroa osoan euskara ofizial izendatzeko eta egungo zonifikazioa ezabatzeko, pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatuz».

KABIAN ESKAKIZUNIK EZ

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Donostiako epaitegi batek Kabiaren egoitzetan 54 lanpostu egonkortzeko lan eskaintza baliogabe uzteko erabakia, eta, horrenbestez, baztertu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak ebazpen horren kontra jarritako helegitea. Auzitegiaren arabera, 54 lanpostuetatik 49tan euskararen ezagutza (B1 eta B2 maila) eskatzeak «aukera berdintasuna urratzen du».

Auzitegiaren epaia ez da irmoa eta Foru Aldundiak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Auzitegiaren administrazioarekiko auzien salan.