Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
EL ETERNAUTA

Zientzia fikzioa eta gizarte kritika

Izen bereko komiki klasikoan oinarritutako telesailaren trama nagusia egoera distopiko batetik jaiotzen den arren, ikusleek erraz ulertuko dute pertsonaiek sentituko dutena: Buenos Aires hiria ilunpean utzi duen itzaltze erraldoi batekin abiatuko da kontakizuna. Itzalaldiarekin batera, elurte handi batek zuritu egin ditu kaleak. Hilgarria dela eta fenomeno naturala ez dela agerian geratzen da berehala: estralurtarren inbasio baten parte da.

Juan Salvo (Ricardo Darinek antzeztua), protagonista, bizirik iraun duen talde baten lider nahi gabekoa bihurtuko da, zientzia fikzioa, drama eta kritika politikoa uztartzen dituen kontakizunean.

Komikia diktadura militarraren aurkako alegoria gisa irakurri izan da, eta telesailak ere mezu hori mantentzen du, baina ez da hain politikoa. Inbasio estralurtarra botere autoritarioaren metafora gisa aurkeztuta dago, baina bereziki herritarren elkartasuna eta erresistentzia kolektiboa azpimarratzen dira. Aldaketa narratiboak eta bisualak daude -gaur egun girotua da eta rol femeninoak mamitsuagoak dira, adibidez-, baina komikiaren espiritua errespetatzen da. AEBko zientzia fikziozko superprodukzioetako aurrekontuekin lehiatzen ez badu ere, zuzendaritza artistikoa eta efektu bereziak primerakoak dira. Elur toxikoak, jantzi inprobisatuek eta agertoki postapokaliptikoek etengabeko arrisku eta ziurgabetasun sentsazioa transmititzen dute.

Istorioaren muina indartsua da, baina gehiegi luzatzen den sentipena uzten du, itzulinguruka arituko balira bezala. Hutsarte asko daude eta erritmoa nahiko gorabeheratsua da; zenbait pasarte apur bat astunak eta errepikakorrak dira.

Gorabehera narratiboak albo batera utzita, “El Eternauta” telesaila biziki gomendagarria dela uste dut, egungo testuinguruan indar berezia hartzen duelako eta erresistentzia kolektiboaren ideia bizirik mantentzen duelako.