Euskal Herriak Israelekin dituen harremanak ezagutarazi dituzte
Palestinarekin Elkartasuna taldeak txosten bat ondu du, Euskal Herriak zer nolako harreman komertzial, militar, instituzional eta kultural dituen azalduz. Boikoterako proposamena egin du taldeak, maiatzaren 17rako mobilizaziora dei egitearekin batera.

Palestinarekin Elkartasuna taldeak “Israel hemen ere hasten da. Sionismoarekin harremanak Euskal Herrian” txostena aurkeztu zuen atzo Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Izenburuak jasotzen duen bezala, Euskal Herriak Israelekin dituen harremanak mahai gainean jarri nahi izan dituzte, mezu argi batekin: «Israel desegitera bidean, harreman oro eten». Maiatzaren 17an, Nakbaren urteurrenaren astean, Iruñean mobilizazio nazionala egingo dutela gogoratu zuten, 12.30ean Golem zinemetatik abiatuta.
“Euskal Herriko eta Israelgo agenteen arteko harremanak” atalak hartzen du txostenaren zati nagusia, baina mami horretan sartu baino lehen taldea kokatu zuten, «Herri zapalduon erresistentzia kriminalizatzen duten diskurtsoen aurrean erantzun irmoa emateko beharra ikusi genuen, palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea aldarrikatuz». Bi eginkizun nabarmendu zituzten; batetik, palestinar herriarekiko elkartasuna adieraztea, eta bestetik, boikota bultzatzearekin batera alderdi eta enpresen konplizitatea seinalatzea, «konplizitate harreman horiek baitira kolonizazio sionista eta bere sarraskiak posible egiten dutenak».
Txostenaren asmoa, egileen hitzetan, «Euskal Herritik Israel Estatua era askotan babesten eta legitimatzen dela ikusaraztea» da. Izan ere, «konplize ugari» daudela adierazi zuten, eta helburua izan dute horien «eraginak eta dimentsio erreala» ezagutzera ematea.
LAU KATEGORIA
Euskal Herriko eta Israelen agenteen arteko harremanak lau kategoriatan sailkatu dituzte, ezaugarrien arabera: komertzialak, militarrak, instituzional edo diplomatikoak eta kulturalak. Hala ere, sarritan harreman horiek elkarrekin lotuta daudela azaldu zuten. «Adibidez, Ertzaintzak Mossadekin eta segurtasun industria israeldarrarekin duen harremana diplomatikoa, militarra eta komertziala da aldi berean», esan dute.
Ondorioen atalean, Euskal Herriaren eta Israelen arteko harremanak etetea eskatu zuten: «Gure eginkizun politikoa Euskal Herritik Israelen sostengua suposatzen duten enpresa, instituzio, alderdi politiko eta ekimen kulturalei aurre egitea da, entitate sionistari hornikuntza eta finantzaketa iturriak moztu eta bere irudi garbiketa borrokatzeko helburuarekin».
«Antolakuntza internazionalista indartzea dagokigu» ondorioztatu zuten, «konplizitate harremanak seinalatuz, hauek etetearen aldeko ekimenak aurrera eramanez eta boikota bultzatuz».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
