Itzulia Women zailena eta menditsuena

Atzo aurkeztu zuten Donostian IV. Itzulia Women, hilaren 16tik 18ra jokatuko den Euskal Herriko Emakumezkoen Itzulia. 19 talde ariko dira lehian; tartean, UCI World Tourreko 14 talde, inoizko lasterketa menditsuena irabazi nahian.
Orotara 337,1 kilometro izango dira, hiru etapatan, eta 5.795 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Ikuskizun dago oraindik Demi Voillering, 2022 eta 2024ko garailea, tropelean izango den ala ez.
Zumarraga-Agurain, Ugao-Igorre eta Donostia-Donostia izango dira Itzulia Women honetan jokatuko diren hiru etapak. Ibilbidean, mendiko sailkapenerako puntuagarriak izango diren hamar mendate igo beharko dituzte parte-hartzaileek; horietako bat, Jaizkibel, lehenengo mailakoa izango da, beste hiru bigarren mailakoak, eta hirugarren mailako sei. EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, hiru etapak emango ditu, zuzenean, 12.00etatik aurrera.
EGUNEZ EGUN
2025eko Itzulia Women delakoaren lehenengo etapa, Zumarragan hasi eta Agurainen amaituko dena, izango da luzeena, 148,5 kilometrokoa, eta metatutako malda handienekoa ere bai. Hiru mendate puntuagarri baino ez dira egongo, baina nahiko gorabeheratsuak. Ihesaldirako egun aproposa. Azazetako mendatearen osteko azken kilometroak oso azkarrak izango dira helmugaraino.
Ugaotik Igorrerainoko bigarren etapa urduritasun handieneko jardunaldia izango da. 116 kilometro baino ez ditu, baina lau mendate puntuagarri ditu, eta azken kilometroak aldapatsuak izango dira. Ziur Larrabetzun eta Lemoan ezarritako hobaridun bi esprintek zeresanik izango dutela sailkapen nagusirako borrokari begira.
Azken etapa, berriz, Donostian abiatu eta amaituko da. Tartean, Jaizkibel igoko dute txirrindulariek, alegia, probako ekitaldi honetako mendaterik gogorrena: 7,9 kilometroan batez beste %5,6ko malda.
Ondoren txirrindulariek hirugarren mailako Gurutze igoko dute, 60,8. kilometroan. Pasai Antxo irtengo da kalera txirrindulariak txalotzera, eta horren ostean bigarren mailako Mendizorrotz mendatea igotzea egokituko zaie. Mendizorrotz erabakigarria izan liteke, bai igoeran, bai jaitsieran indartsuenen arteko galbahe lanerako. Itzuliko parte-hartzaileak ia-ia helmugan izango dira jaitsiera amaitzearekin batera, eta han geldituko da erabat argi 2025eko Itzulia Womeneko palmaresa.

Carrera armamentista Marruecos-Argelia con Israel y el drama saharaui de fondo

La AN absuelve a Iratxe Sorzabal y reconoce «tratos inhumanos»

Una carta certifica que el Borbón estaba al tanto de Montejurra 1976

Sorzabal: admitir lo evidente tras 24 años insistiendo y muchos juicios
