GARA
IRUÑEA

Nafarroan «euskararen bazterketa betikotzen» ari direla salatu dute

Administrazioko lanpostuetan hizkuntzen ezagutza baloratzen duten dekretuak onartuta, Nafarroako Gobernuak «euskararen bazterketa betikotuko duela» salatu zuten atzo Kontseiluak eta Behatokiak. Alemana, frantsesa eta ingelesa gehiago hartzen dira kontuan.

Kontseiluak Iruñean abenduan egindako agerraldia.
Kontseiluak Iruñean abenduan egindako agerraldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Gobernuak administrazioaren plantilla organikoa aldatzen duten dekretuak onartu ditu, lanpostuetarako hizkuntzen ezagutza merezimendu gisa baloratuko duten plazak zehaztuz. Kontseiluak atzoko agerraldian aditzera eman zuenez, hizkuntzaren bat merezimendu bezala izango duten 9.537 lanpostu ezarri ditu. Horietatik, 1.459tan euskararen ezagutza ez da merezimenduzkoa izango, baina alemana, frantsesa edo ingelesa kontuan hartuko dira.

Euskara 459tan &eot;bakarrik izango da&eot; merezimenduzkoa (guztien %4,8) eta gainerakoetan (7.619, gehienak osasungintzakoak) euskara ere merezimenduzkoa izango da, baina atzerriko hizkuntzen puntuazio berberaz. Hori hizkuntza eskubideak bermatzetik eta euskararen normalizaziotik «oso urrun» dagoela nabarmendu zuten Kontseiluak eta Behatokiak.

ZERBITZU ZENTRALEKOAK

«Kontuan izan behar dugu lanpostu horietako gehienak zerbitzu zentraletakoak direla eta, beraz, zerbitzuak Nafarroa osoko herritarrei ematen dizkietela, izan ere, eremu ez euskalduneko lanpostuetan euskara ez da merezimenduzkoa. Aldiz, atzerriko hizkuntzak bai», adierazi zuten.

Bestalde, larritzat jo zuten merezimendu horiek ezartzeko irizpide ezberdinak egotea. Alemana, frantsesa eta ingelesa bezalako atzerriko hizkuntzak Nafarroa osoko lanpostuetarako kontuan hartzen diren bitartean -Europako Batasuneko hizkuntzak izateagatik-, euskararen kasuan ez da kontuan hartzen Nafarroako berezko hizkuntza izatea.

«Nolatan izan daiteke zerbitzu zentraletan lan egiten duten erizain espezialista edo administrari batzuei ingelesa baloratzea eta euskara ez, arreta zuzena eskaintzen dutela aipatzen bada?», galdetu zuten. Departamentu bakoitzean horrelako adibide ugari dago.

«LARRITZEKOA»

Kontseiluaren eta Behatokiaren iritziz, «larritzekoa da departamentu batzuetan euskararen ezagutza duten lanpostuak oso urriak izanik, edo departamentuaren beraren izaera kontuan izanik, euskara merezimenduzkoa duten lanpostu berrien kopuru hain urria ezartzea: Hezkuntzan hiru lanpostutan, eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalean bitan, adibidez». Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, «dekretu honetan ezarritakoak eta merezimenduen dekretua bera Nafarroako Gobernuaren euskararekiko hizkuntza eskubideen aitortza ezaren adierazgarri dira. Ezin dira zerbitzuak euskaraz jaso, ezta euskaraz lan egin ere.