«Histoire naturelle» seriea batu diote Max Ernsten Bilboko erakusketari

Bilboko Arte Eder Museoak Max Ernsten (Brühl, Alemania, 1891-Paris, 1976) 54 lanez osatutako multzo bikaina jaso zuen orain gutxi; 1957ko frottage bat izan ezik, denak 1922. eta 1928. urteen artean egin zituen. «Esperimentazioko aldi bat izan zen, zeinetan dadaismotik abiatu eta Ernstek surrealismora eboluzionatu baitzuen, haren funtsezko figura bihurtuz», gogora ekarri zuten atzo Arte Eder Museoan, multzo horri lotutako erakusketari areto berri bat gehitu diotela iragartzeko prentsaurrekoan.
Nabarmendu zuten artista alemaniarrak testuinguru horretan egin zituela XX. mendeko artearen garapenerako funtsezkotzat jotzen diren berrikuntza teoriko, tekniko eta sortzaileak, eta areto berrian, besteak beste, ‘‘Histoire naturelle’’ (1926) ospetsua erakusten da. Paper-zorro bat da, 34 fototipok osatutakoa (beirazko plaka tindatu baten gainean gelatinazko erliebera transferitutako klixe fotografiko baten inprimaketa), eta Jean Arp eskultore frantsesaren testu baten hitzaurrea dute.
«Arp, hamar urte lehenago, 1916an, dadaismoaren sortzaileetako bat izan zen Zurichen. Gordailu bikain honetako lan guztiak artistaren lanen bilduma garrantzitsu bat osatu zuen Ernsten galerista nagusi Aram Mouradianen jatorrizko bildumatik datoz», azaldu zuten.
Parisen argitaratua, ‘‘Histoire naturelle’’ serieak fototipo bidez erreproduzitzen ditu frottage teknika erabiliz egin zituen lehen marrazkietako 34.
Kalkoaren printzipioei jarraituz, Nantesetik gertu dagoen Pornic herriko hotel batean bere logelako zoruko egurrezko oholen korapiloak eta ildoak arkatzez paper baten gainean igurtzi zituenean sortu zen prozedura da, eta Max Ernsti berari egozten zaio hura sortu izana.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
