GARA
WASHINGTON

AEBk iragarri du ez dela Indiaren eta Pakistanen arteko liskarrean sartuko

AEBko presidenteorde JD Vancek kezka azaldu du Indiaren eta Pakistanen arteko krisi militarraren aurrean, baina iragarri du Washington ez dela tartean sartuko. «Agintariek tentsioa baretu dezaten saia gaitezke, baina ez gara gure arazoa ez den eta Estatu Batuek kontrolatzeko duten gaitasunarekin zerikusirik ez duen gerra baten erdian sartuko», esan zuen. Vancen hitzetan, AEB kezkatuta dago, «potentzia nuklearrek talka egiten duten bakoitzean bezala», baina bide batez espero du ez haztea, eskualde osoko gatazka bihurtzeraino. «Diplomaziaren lanean sinisten dut, baina baita Indian eta Pakistanen dauden buru hotzetan ere, hau gerra nuklear bat bihurtuko ez dela ziurtatzeko. Hori gertatzen bada, noski, tamalgarria izango litzateke, baina une honetan ez dugu uste gertatuko denik», adierazi zuen.

Gutxienez 80 pertsona hil dira Indian eta Pakistanen arteko azken liskarretan. Pakistango Gobernuak «ahalmen nuklearra duten bi estatuen artean gatazka handiago batera hurbildu izana» leporatu zion Indiari, indarkeriak gora egin duen bitartean.