Ate joka datorren errealitatea

Etxean zaude eta, kozinatzeko gogorik ez duzunez, janaria eskatu duzu aplikazio ezagun baten bidez. Minutu gutxira banatzailea iritsi da atera. Mugikorreko pantaila sakatu eta bat-batean etxeko atarira eskaria iristearen keinua hain ohikoa bihurtu da, ziurrenik ez garela jabetzen horren atzean dagoen guztiaz. Egungo gizartean pertsona askoren ogibide bihurtu da rider izatea, baina gehienen lan baldintzak oso prekarioak dira.
‘‘L’histoire de Souleymane” (“La historia de Souleymane”) drama errealista bat da, eta ia denbora errealean azaltzen du Souleymane Parisen bizi den gazte etorkin ginear gaztearen errealitatea. Rider moduan lan egiten du bizikletan, OFPRA-rekin (Iheslariak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoa) asiloa eskatzeko elkarrizketa erabakigarri baterako prestatzen den bitartean.
Kamerak hurbiletik eta etengabeko mugimenduan jarraitzen dio Abou Sangarék interpretatzen duen protagonistari. Muntaketa lan arinak eta argazki naturalistak protagonistaren errutina nekagarrian murgiltzen dute ikuslea; ikuspegi horrek errealismo sentsazioa indartzen du. Estilo dokumentaletik oso gertu kokatzen den eszenaratzea aukeratu du Lojkinek.
Abou Sangare aktore nagusiaren lana benetan aipagarria da. Elkarrizketak badituen arren, keinu txikien bidez eraikitzen du bere pertsonaia. Ikusleak haren begietan galdu eta amets zapuztuen zama sentitzen du. Hasiberria da antzezpen munduan, baina etorkin gisa izandako benetako esperientziak benetakotasun geruza gehigarri bat eransten dio pertsonaiari.
Europako migratzaileen errealitate ikusezinei buruzko gogoeta zintzoa da. Narratiba intimo eta interpretazio hunkigarri baten bidez, filmak egoera zailetan bizitza duin baten alde borrokatzen dutenen konplexutasuna eta gizatasuna transmititzea lortzen du.

Carrera armamentista Marruecos-Argelia con Israel y el drama saharaui de fondo

La AN absuelve a Iratxe Sorzabal y reconoce «tratos inhumanos»

Una carta certifica que el Borbón estaba al tanto de Montejurra 1976

Sorzabal: admitir lo evidente tras 24 años insistiendo y muchos juicios
