Fermin Muguruzaren kantuen bertsioak bilduko dituen disko-liburua, bidean
Muguruzaren 40 urteko musika ibilbidea ospatzeko, 34 artista batu eta irundarraren ibilbidean mugarriak izan diren kantuen bertsioez osatutako disko-liburua argitaratuko dute.

Fermin Muguruza profesionalki musikan murgilduta daramatzan berrogei urteak ospatzen ari den bitartean, bestelako proiektuak ere ontzen ari dira haren inguruan: Sabor a Discos zigilu frantsesak Lucha Amada musika kolektibo alemaniarrarekin bat egiten du, eta honek duen Jumpup zigiluarekin Fermin Muguruzak lau hamarkada hauetan izan dituen proiektu musikal ezberdinetako kantuen bertsioak jasoko dituen bilduma bat osatu du. Iragarri zuten ekainaren 13an argitaratuko dutela aipatu bilduma eta liburu formatua izango duela; bere barnean aurkitu ahalko dira hiru binilo edo CD bikoitz, bertsio horiek bilduz. Muguruzak nazioartean izan duen eraginari buruz Kirmen Uribe eta Miquel Ramos idazleek osatu dituzten testuak ere bilduko ditu liburuak.
Musikari eta zinema zuzendari irundarra omentzeko, Kortatu eta Negu Gorriak mitikoen kantuak interpretatu dituzte 34 artistak diskoetan, eta baita Brigadistak Sound System, Euskal Herria Jamaica Clash edo DUTekin batera egindako bakarkako diskoetako zenbait abesti ere.
«SARRI SARRI», JAPONIERAZ
«Mapamundian zehar egindako itzulpenak aurkitu ditzazkegu, beti Ferminen babesa jaso duen Mapucheen hizkuntzan adibidez, frantsesera, italierara edo gaztelaniara. Eta imajina dezagun ‘‘Sarri Sarri’’ kanta japonieraz!, Ferminen sarea mundiala baita. Bertan aurkitu ditzakegu lehen aldiz euskaraz abesten duten artistak. Musika, mezuen igorle bezala ulertuz, baina baita hizkuntzena ere», adierazi zuen Promomusikak.
Testuinguru honetan sareratu zuten atzo Zea Maysen ‘‘Hay algo aquí que va mal’’, Kortaturen abesti ezagunaren bertsioa eta, aldi berean, diskoan topa daitekeenaren aurrerapen modura datorrena. Kantuaren bertsioa entzungai dago NAIZen.
Bildumak ekainaren 13an ikusiko du argia, eta bien bitartean Fermin Muguruzak bere lau hamarkadako musika ibilbidean murgilduta jarraituko du, bere lantaldea lagun duela. Gaur bertan Meridako IFEMEn kontzertua eskainiko du, eta datozen egunetan nazioarteko birari jarraipena emango dio Berlinen, Txileko Santiagon, Montevideon, Buenos Airesen, Bogotan eta Mexikon.

Carrera armamentista Marruecos-Argelia con Israel y el drama saharaui de fondo

La AN absuelve a Iratxe Sorzabal y reconoce «tratos inhumanos»

Una carta certifica que el Borbón estaba al tanto de Montejurra 1976

Sorzabal: admitir lo evidente tras 24 años insistiendo y muchos juicios
