GARA
BILBO

Hausnarketa «zintzoa» espero du Guggenheim Urdaibai Stop-ek

«Positibotzat» jo du Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariarekin izandako bilera. Mahai gainean jarritako arrazoi guztiak kontuan izanda, hausnarketa zintzoa izango dela eta proiektua bertan behera geldituko dela uste du.

Guggenheimen aurrean egindako mobilizazioa.
Guggenheimen aurrean egindako mobilizazioa. (M. DEL VALLE | FOKU)

Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria den Miren Arzalluz Loroñorekin bilera izan zuen atzo.

Plataformaren aurkezpen laburra egin ostean eta Arzalluzek proiektu horren inguruan duen informazioa eta iritzia ezagutu ondoren, proiektua behin betiko alboratzeko nahia mahai gainean ezarri zion plataformak.

Erakundeek oraindik ez dute proiektua publiko egin, baina Guggenheim Bilbao museoaren webean zintzilikatuta dago egitasmoa.

Gainera, martxoan, Imanol Pradales lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak horri buruz hitz egin zuten hedabide ezberdinetan, zehaztapen handirik eman gabe baina Urdaibaiko proiektuak «Guggenheim Bilbao Museoaren etorkizunean eragin eta baldintzatuko» duela adieraziz.

Adierazpen eta gertaera hauek eraman dituzte plataformakoak Miren Arzalluzekin lehenbailehen biltzera. Urdaibai bera jarri zuten bileraren erdigunean. «Urdaibairen balio ekologikoak nazioarteko aitortza du, eta horrexegatik ditu hainbat babes figura. Hori dela eta, ulergaitza da Guggenheim bezalako Fundazio batek erakargarri ikustea Guggenheim Urdaibai bezalako proiektua. Non eta Biosfera Erreserbaren muinean! Gunerik zaurgarrienean eta babes handiena eskatzen duen eremuan. Bertako habitatak eta espezieak babestea premiazkoa duen eremuan. Duda barik, Biosfera Erreserbaren xedearen kontra aritzea da proiektu hori babestea», adierazi zuen plataformak ohar baten bitartez.

Egitasmoa hasieratik «inposizioa» izan dela salatu du berriz ere. «Herritarren iritzia eta parte hartzea alboratu eta Fundazio baten interes pribatuei erantzuten dio. Eskualdeko normatibak mespretxatuz eta hauetara egokitu beharrean, proiektua bideragarria izateko arauak egokitu dituzte. Arazo bat izatetik gatazka bat izatera salto egin dugu, eta testuinguru honetan, Guggenheim markak jasoko lukeen kaltearen aurrean, hausnarketa bat egitera gonbidatu dugu Arzalluz andrea: Proiektu horrek benetan merezi du marka sakrifikatzea?», azaldu du herri plataformak.

BESTE AUKERA BATZUK

Bileran proiektu kulturala ere hizpide izan zuten. Hain zuzen, museoarentzat proiektua aurrera ateratzea garrantzitsua bada, «beste kokaleku eta akzio mota batzuk ere baloratu daitezkeela» helarazi zion plataformak Arzalluzi.

Oharrean adierazi duenez, Arzalluzek «arretaz» entzun ditu ildo horretan egin dizkioten proposamenak. «Hala ere, argi utzi du proiektu horren atzean, Guggenheim museoaz gain, erakundeak ere badaudela eta azken erabakia guztiena izango dela», azaldu du.

«Positibotzat jotzen dugu gaurko bilera eta sinistu nahi dugu mahai gainean jarritako arrazoi guztiak kontuan izanda, aipatutako hausnarketa zintzoa izango dela. Hori benetan horrela izanez gero, ez dugu dudarik proiektu hori Busturialdean egiteko asmoa bertan behera geldituko dela», gaineratu du Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak.