EDITORIALA

Palestinako genozidioaren sofistikazioan urrats bat

Mike Huckabee AEBko enbaxadoreak Israelen atzo baieztatu zuenez, Trump Administrazioak aurrera jarraitzen du Gazako laguntza humanitarioaren banaketa jatorri ezezaguneko fundazio pribatu baten esku uztearen ideiarekin. Testuinguru bezala, gogoratu beharra dago martxotik hona Israelek blokeo zorrotza inposatu duela Gazako Zerrendan, laguntza orori ateak itxiz eta bertako 2,1 milioi biztanleak krisi humanitario larri batera kondenatuz. Bonbardaketekin nahikoa ez balitz bezala. Egoera honetan, blokeo egoerari amaiera emango dion ekimen gisa aurkeztu du bere plana Trumpek, baina humanitariotik gutxi dauka AEBko presidentearen asmoak. Suitzan erregistratu den Gaza Humanitarian Foundation elkartea dirudi planari ekiteko tresna.

Proiektuak dakarren erretolikari erreparatu behar zaio, helburuak zein diren argitzeko. Berriz ere Tel Aviveko diskurtsoa bereganatuz, Washingtonek ziurtatu du gaur egungo laguntza humanitarioa Hamas eta «beste talde terrorista» batzuen eskuetan geratzen dela eta hori saihestu behar dela. Alegia, Urnwa eta Nazio Batuetako beste agentzia batzuk Palestinako erresistentziari laguntza bidaltzeko bidea direla. Munduari geratzen zaion erakunde multilateral bakanetakoaren lana kriminalizatzea du helburu argudio lerro honek, eta NBEk argi utzi du ez duela halako jokotan parte hartuko, laguntza humanitarioa militarizatzeko arriskua dakarrelako, besteak beste. Izan ere, Trumpen proposamenaren arabera, laguntzaren banaketa Israelgo Armadak bermatuko luke, nahiz eta zuzenean beraiek ez egin.

Funtsean, NBEko agentziak gainetik kendu eta laguntza humanitarioa mugatzeko plan bat baino ez dirudi AEBk proposatutakoa. Genozidioaren ertz sotilak sofistikatzeko modu anker bat. Nazio Batuen Idazkaritza nagusiak ostegunean esandakoaren arabera, «azken kaloria eta azken irin alea kontrolatu eta mugatzeko diseinatua dirudi». Sarraskia etetearekin batera, laguntza humanitarioaren sarrerak berehalakoa behar du izan, eta horretarako Nazio Batuen lana da babestu eta indartu beharrekoa.