GARA
DONOSTIA

Sortu: «Tortura posible izan da, sistemikoa izan delako»

Torturaren kontrako protesta baten irudia.
Torturaren kontrako protesta baten irudia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Auzitegi Nazional espainolak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu egin zuela onartu izanaren ondotik, Sortuk ohar baten bidez balorazioa egin zuen atzo. Haren ustez, epai horrek «inflexio puntu bat» izan behar du, aitortzaren eta erreparazioaren norabidean urratsak egin daitezen. «Bada garaia torturaren egile eta konplize bakoitzak horren guztiaren gaineko ardurak har ditzan. Tortura aitortu behar da eta erreparaziorako urratsak egin behar dira», adierazi zuen Sortuk.

Gogora ekarri zuen Iratxe Sorzabal Guardia Zibilaren aurrean eginiko autoinkulpazioetan oinarrituta zigortu izan duela lehenago Auzitegi Nazionalak berak, eta egun betetzen ari den espetxe zigorrak horietan duela oinarria.

Nabarmendu eta salatu zuen Euskal Herrian torturaren aplikazioa «sistematikoa» izan dela Estatu espainolaren aldetik, «hamarkadetan zehar, gatazka politikoaren testuinguruan».

«Milaka Iratxe daude Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak osatutako txosten ofizialen arabera, gutxienez 5.394 pertsona torturatuak izan dira, eta jakina da askoz gehiago ere izan direla», oroitu zuen: «Tortura posible izan da, sistemikoa izan delako».

«Sistema oso bat eraiki izan da giza eskubideen urraketa larri horren bueltan. Ez ikusiarena egin da sistematikoki, ezkutatu egin da sistematikoki. Eragile asko izan dira horren guztiaren konplizeak: polizia indarrak, haien arduradun politikoak eta alderdiak, epaileak, auzitegiko medikuak eta komunikabideak, besteak beste», adierazi zuen Sortuk.

Horregatik, «bada garaia torturaren egile eta konplize bakoitzak horren guztiaren gaineko ardurak har ditzan. Tortura aitortu behar da eta erreparaziorako urratsak egin behar dira», azpimarratu zuen Sortuk.

Horrekin batera, «torturaren ondorioak ere berrikusi behar dira: milaka torturatuei utzi dizkieten ondorio psikologikoak, batetik, eta autoinkulpazioetan oinarrituta ezarritako kondenak ere bai, bestetik». Azkenik, «ez errepikatzeko bermeak» ere ezartzeko beharraz ohartarazi zuen Sortuk. «Tortura sistematikoa posible izan da Estatuaren biolentzia erabateko inpunitatez babestua izan delako hamarkada hauetan guztietan. Inpunitate horrekin amaitzea ezinbesteko urratsa da, tortura desagerrarazteko bidean».