Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Ongi moldatu

Ez dut taxi asko hartu nire bizitzan. Prezioagatik izanen dela pentsatzen dut. Baina, hein batean, ez dudalako behar handirik sumatu ere, garraio publikoak rol nagusia hartu baitu dagoeneko, egiten ditudan distantzietarako. Zerbitzu hori luxua iruditu zait beti; Europan gutxienez, hori bai. Beste herrialde batzuetan, non garraio publikoa ez den kalitatezkoa, segurtasuna ez dagoen bermatuta kalean eta errepidean eta batez ere prezioa arrazoizkoa den, taxiak beste esangura bat du. Duela gutxi Aljerian izan ginen eta egunean bat baino gehiago hartzen genuen batzuetan. Gidari bakoitzak guri kontatzeko istorio bat zuen. Oroitzen naiz hamarkada beltzaz geroztik (90eko hamarkada) elbarria zela eta sabelean bala zauriak zituela esan zigunaz; oroitzen naiz «nongoa (naizen) ez ahazteko» behin eta berriz errepikatu zidanaz, beste herrialdeetatik jendea etortzen ikusteko aukera gutxitan izanik; oroitzen naiz Aljerreko badiara begira karaoke saio bat eskaini zigunaz, baita ibilbidea oparitu nahi zigunaz ere. Azkenean, prezioak ez zuen inoiz seinalatzen zerbitzuaren kalitatea -taximetrorik ez zen kotxe guzietan-. «Taxis» aditz grekotik τάσσω (tássô) dator, «atondu». Ze kasualitatea euskaraz «atondu» eta «moldatu» sinonimoak izatea.