Hiriak klima aldaketara egokitzeko dagoen premia nabarmendu dute BC3ko ikerlariek
Basque Centre for Climate Change (BC3) Euskal Herriko zentroa “Nature Climate Change” aldizkarian argitaratutako ikerketa berri baten egileetako bat da. Lan honek klima larrialdiari aurre egiteko hiri plan europarren %70en funtsik eza agerian uzten du.

Basque Centre for Climate Change (BC3) euskal ikerketa zentroak “Nature Climate Change aldizkarian” argitaratutako ikerketa berri batean ondorioztatu denez, Europako hiriak atzean geratzen ari dira klima aldaketara eta honen arriskuetara egokitzeko prozesuan. Lanak erakutsi du klima larrialdiari egokitzeko Europako hirietako planen kasik %70ek ez dutela funtsik, eta honek larriki mugatzen du klima arrisku gero eta handiagoei aurre egitea.
«Europa munduko gainerako herrialdeak baino bi aldiz azkarrago berotzen da, eta gure biztanleria arrisku klimatiko gero eta handiagoen eraginpean dago, hala nola uholdeak eta suteak. Egoera horren aurrean, egokitzapen planak ekintza zehatzetan gauzatu behar dira, ikuspegi integratzaileekin, datuetan oinarrituta eta jarraipen mekanismo argiekin, biztanleria ahulenak babesik gabe gera ez daitezen», adierazi du artikuluaren egileetako batek, Marta Olazabalek.
Artikuluaren arabera, «egokitze arrakala» horrek mehatxu gero eta handiagoak dakarzkie hirietan bizi direnei.
GIZARTE EKITATEA
Arrakala hori murrizteko, ikerketak egokitzapen planen barne koherentzia ebaluatzeko esparru berritzaile bat aurkeztu du. Zehazki, Europa osoko klima egokitzeko 167 tokiko plan aztertu zituen lanak, eta bost funtsezko koherentzia dimentsio ebaluatu zituen: arriskuak egokitzapen helburuekin lerrokatzea; sektore arriskua neurriekin lerrokatzea; talde kalteberentzat arriskuak kontuan hartzea; talde kalteberak jarraipenean eta ebaluazioan sartzea; eta talde ahulek plangintzan parte hartzea.
Planen erdiek baino gehiagok ingurumen arriskuak dagozkien ekintzekin lerrokatu bazituzten ere, %1ek bakarrik sartu zituen modu eraginkorrean komunitate kalteberak, hala nola adinekoak, diru sarrera txikiko pertsonak eta etnia gutxiengoak. Ikerketaren egileen arabera, horrek adierazten du klima estrategietan gizarte ekitatea integratzean huts orokorra izan dela.
EUROPAKO EKIMENA
Europako EURO-lcp ekimenaren barruan dago ikerketa. 2010az geroztik, Europako 28 herrialdetako 40 ikertzaile inguru lanean ari dira, eta Europako 885 hiritan azterketak egiten dihardute.
Taldearen buru Diana Reckien da, Twenteko Unibertsitateko ikertzailea eta ikerketa berriaren egile nagusia. Lanak ondorio positiboak ere azaldu ditu, hala nola aztertutako planen %52k sektore arriskuak egokitze neurriekin erabat lerrokatzen dituela. Hala ere, ia erdiek arriskuak identifikatzen dituzte, eta ez dute jarraipenik egiten dagozkien ekintzekin; neurri sektorialen %49 aldez aurreko ebaluaziorik gabe ezartzen dira; eta plan zaharrenetan ahula da arriskuen eta helburu klimatikoen arteko komunztadura.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
