U. URRUTIKOETXEA
WASHINGTON

Bidenen gainbehera ezkutatzeko ahalegina liburu batean bildu dute

AEBko presidente ohiaren egoera kognitiboa nabarmen moteldu zen 2023tik 2024ra, eta ingurukoek egoera ezkutatu zuten. Argitaratzear den liburu bat hautsak harrotzen ari da demokraten artean.

Presidente ohia, aita santuaren hileta elizkizunean.
Presidente ohia, aita santuaren hileta elizkizunean. (J. ARRIENS | AFP)

AEBko demokratak aurrera begiratu nahian ari direnean, bete-betean joko ditu iragan hurbilenak. Datorren asteartean argitaratuko da “Original Sin: President Biden’s Decline, Its Cover-up, and His Disastrous Choice to Run Again” liburua (“Bekatu originala. Biden presidentearen gainbehera, ezkutatzea, eta berriz aurkeztearen hautu zoritxarrekoa”).

Egileak Jake Tapper CNNko aurkezlea eta Axios hedabide digitaleko Alex Thompson dira. «Funtsa da gezurra esan zigutela, kazetarioi, herritarrei, eta baita gobernuko kideei ere, Etxe Zuriko langileei, Kongresuko kide demokratei, diru emaileei... Egiaz, liburua hauteskundeak eta gero hasi genuen, eta 200 lagun baino gehiagorekin hitz egin dugu, ia denak demokratak. Ia inork ere ez zigun egia esan hauteskundeen ondoren arte», dio Tapperek.

Agintaldiko azken bi urteetan, 2023 eta 2024an Bidenen barne zirkulua gero eta txikiagoa bihurtu zela esan diete. Liburuan Gobernuko idazkari bati jasotako pasarte baten arabera, «zenbait hilabetez ez genuen berarengana iristerik izan. Argi eta garbi zegoen Etxe Zuriak berariaz zeukala estrategia bat, ahal bezain jende gutxirekin biltzeko».

Berriz eroriz gero, Bidenek gurpildun aulkian egon beharko zuela esan zien medikuak. Bigarren agintaldian hala izatea baloratu zuten, baina ez zuten kanpainan irudi hori erakutsi nahi.

«Orduan laguntzaile gehiago jarri zizkioten inguruan helikopteroa hartzera zihoanean, jendearengandik ostentzeko zeinen mantso zeukan urratsa eta zeinen ibilera dardartia, eta berriz ere estropezu eginez gero laguntzeko», dio Tapperek.

Gehien aipatu den gertaeretako bat Hollywooden diru bilketa batean izan zen. George Clooney aktorea Bidenen aspaldiko laguna da, baina ez zuen ezagutu. Ekainaren 27an Trumpekin izandako eztabaidaren ostean, Clooneyk (Barack Obamarekin hitz eginda, itxura batean) iritzi artikulu batean gertatutakoa azaldu eta hautagaia aldatzeko eskatu zuen.

Biden berriz aurkeztearen aurka zegoen Etxe Zuriko laguntzaile beterano batek kargua utzi zuen: «Bere langile pertsonaletatik blindatzen saiatu ginen, jendea ez zedin ohartu zenbaterainokoa zen gainbehera (...) Maite dut Joe Biden. Bera bezain zintzoak gutxi daude politikan. Baina familiak eta aholkulariek berriz aurkezten uztea herrialdearen eta alderdiaren kalterako izan zen».

Liburuko adierazpen gehienak izenik eman gabe ageri dira. Izendunen artean, David Plouffe, Obamaren kanpainako arduradunetakoa. «Bidenek erabat izorratu gintuen», dio gordin; Kamala Harrisen Trumpen aurkako 107 eguneko esprinta «amesgaizto puta bat izan zen».



AEBko herritartasun eskubidea Gorenera iritsi da

Donald Trumpek, agintean sartu eta berehala, AEBn jaiotzen den edonor automatikoi bertako herritar izatea ezabatu zuen. Konstituzioan jasotako eskubidea da, ordea, eta eskubide zibiletako elkarteek irekitako auzibideen ostean, barrutietako epaileek egun gutxira baliogabetu zuen agindu hura.

Auzitegi Gorenera iritsi da auzia. Atzo argudioak entzun zituzten epaileek. Aztergai dagoena, kasu honetan, ez da Trumpen agindua konstituzionala den edo ez, hura blokeatu zuten epaileek horretarako (AEB guztirako erabakia hartzeko) eskumenik ba ote zuten baizik. Edonola ere, gaia aztertzean Gorenak ziurrenik Konstituzioan txertatutako araua bera ere aintzat hartu beharko du.

Aurreko legealdiko aldaketen ondorioz, Gorenean sei dira epaile eskuindarrak, eta hiru progresistak. Atzo kontserbadoreak Gobernuaren lerroarekin batu ziren, haietako bik zalantza gehiago izan zituzten arren.U.U.