Aitor AGIRREZABAL
ITZULIA WOMEN

Bredewoldek neurria hartua dio Euskal Herriari, eta aurreneko etapa eraman du

SD Worxek kirolaren bi aurpegiak ikusi zituen: Bredewoldek irabazi arren, Anna Van der Breggen zazpi kilometrora erori eta 43 segundo galdu zituen.

Mischa Bredewold, pozarren.
Mischa Bredewold, pozarren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

2022an Itzulia lehiatzen hasi zenetik, 10 etapa izan dira. SD Worxeko txirrindulariek irabazi dituzte hamarrak. Atzokoa Misha Bredewoldek eraman zuen, eta bera da Itzuliko lehen liderra, Agurainen amaitu zen aurreneko etapan esprintean gailendu ostean.

Ez zen faboritoentzako eguna. Baina faborito nagusietako batek sustoa izan zuen. Anna Van der Breggenek erorikoa izan zuen zazpi kilometroren faltan. Min keinu nabarmenak egin zituen arren, etapa amaitzea lortu zuen, baina 43 segundo galdu zituen. Argia eta iluna, SD Worx taldearentzat.

Itzuliaren etapak Zumarraga eta Agurain lotu zituen, ia 150 kilometroko etapan. Bidean Arlaban, Opakua eta Birgarabarrengo igoerak zituzten zailtasuna nagusi gisa. Nahikoa, hankak berotzeko eta iragazkia egiteko, baina ez askoz gehiagorako.

Katia Ragusa (HPH), Haia Segato (BePink) eta Morgane Costonek (Roland) osatu zuten eguneko lehen ihesaldia, nahiz eta tropelak ez zien inoiz tarte handirik eskaini.

Bide erdian Opakua topatu zuten, eta tropelean zalaparta izan zen. Demi Vollering eta Anna Van der Breggen etorri dira Euskal Herrira faborito nagusi gisa, eta haien arteko markaketa argia izan zen. Opakuako aldapetan taldea zatitu zen arren, faborito guztiak berriz batu ziren beherakoan. Hori bai, taldeak nahiko ahulduta geratu ziren, eraso egiteko gogoa piztuz. Erritmo horretan amaiera jarri zioten eguneko ihesaldiari eta, hainbat saiakeraren ostean, Julie Van de Veldek eta Eva Van Agtek lortu zuten aldea.

SD Worx taldeak hartu zuen talde nagusiaren burua. Mischa Bredewold Amstel Gold Race lasterketa irabazita etorri da Euskal Herrira eta Vueltan ere protagonista izan da pare bat egunetan. Eta talde herbeheretarrak konfiantza osoa erakutsi zuen beragan.

SD Worxek lana banatu behar izan zuen. Azken aldera, baina, bihurgune batean Van der Breggen liderra lurrera joan zen beste bi txirrindularirekin batera. Lurrean min hartuta geratu bazen ere, bizikleta berriz hartu eta helmugan 43 segundo bakarrik galdu zituen.

Honek guztiak esprint nahiko nahasia ekarri zuen. Dena den, Steffi Haberlinek bideraketa bikaina egin zion Bredewoldi Agurainen, eta azken honi ez zion etapak ihes egin. Ikusi egin behar, gaur Igorren eusten dion.